1.- EUSKAL ESKOLA NAZIONALA: HELBURU POLITIKOA

Egun sistema kapitalista patriarkarrak eta espainiar nahiz frantziar estatuen nahi eta interes inposatuen gainetik egongo den hezkuntza eredua da behar duguna. Eta, horretan datza, borrokatzen dugun hezkuntza eraldaketaren muina.

Aldarrikatzen dugun hezkuntza eredu horren baitan kokatzen dugu Euskal Eskola Nazionala (EEN). Euskal Herriaren eraikuntza eta garapenean zutabe izango den eskola eredua eta jendarte justu eta parekide bat bermatuko duena. Finean, sistemak garatzen duen zapalketa hirukoitzaren gainetik, herritar euskaldun, aske, kritiko eta burujabeak heziko dituen eskola da Euskal Eskola Nazionala.

Proiektu politikoa euskalduna, ezkertiarra eta feminista izango da.

2.- IKASLE ABERTZALEAK: TRESNA

Helburu estrategikoa den Euskal Eskola Nazionala lortzeko tresna dugu Ikasle Abertzaleak antolakundea. Berau, ikaslez osatutako antolakunde iraultzaile euskaldun, ezkertiar eta feminista da. Bete-betean proiektu politikoari erantzuten dizkion ezaugarriak barnebiltzen dituena.

EEN helburu duen antolakundeak eskola horren balore, praktika eta ezaugarriak bildu behar ditu ezinbestean, proiektuaren eraikuntza ez baita objektu fisiko edo utopia hutsa. Eredu bat da, egunerokotasunean landu, eraiki eta bizi dena, Ikasle Abertzaleak-en bitartez. Beraz, antolakundea balore, praktika eta ezaugarri horien guztien jabe eta eredu izan beharko da.

Utopia horretara iristeko, ordea, egungo errealitatetik abiatzen garela kontuan izan behar dugu. Hain zuzen, errealitate horren eraldaketa bera Euskal Eskola Nazionalaren bidean lerrokatzea dagokiolako Ikasle Antolakundeari. Horregatik, egun bizi dugun hezkuntza nahiz jendarte eredua bera kontuan hartu beharko ditu, ahalik eta modu eraginkorrenean eraldaketa eragin dezan.

3.- IKASLE ESTRATEGIA: BIDEA

Euskal Eskola Nazionala lortzeko tresna Ikasle Abertzaleak bada ere, helburu politikoa lortzeko bidea Ikasle Estrategia da. Berau, aurrerantzean datozen urteetan garatu beharreko jarduna definitzen duen estrategia da. Estrategia hau, gaurdanik Euskal Eskola Nazionalaren eraikuntza bermatuko du.

Bide honetan, ondorengo 3 ildoak adostu dira:

          1. Ekin, Euskal Eskola Nazionalari ildo iraunkorra:

Ildo honen helburua gaurdanik inoren ez ezeren zain egon gabe EEN egikaritzen hastea litzateke. Txikitasunetik, hau da, maila lokaletik, errealitatean egingarriak diren praktikak martxan jartzea eta bertatik bertara hezkuntza eraldaketa eragitea. Modu honetan EEN utopia hutsa izatetik, beharrezko proiektu bilakatzeko egingo genuke indar.

Helburua hau izanik, ildo iraunkorra dela ulertzen dugu. Hau da, antolakundeak modu konstantean garatu beharko duena, ildoaren beraren garapenerako unean uneko beharrezko dinamika, egiteko, borroka, tresna eta bitartekoak luzatuz. Honen baitan, alternatibak eraiki, erasoei erantzun, eduki propioak eraiki, pedagogia askatzailea eraiki, hezigune euskalduna eraiki, partaidetzan oinarritutako estola eraiki eta ikas baldintza duinak eraiki.

          2. Euskal Herria eraiki, ildo ez-iraunkorra:

Euskal Herriaren askapen eta eraikuntza borrokan badu ardurarik Ikasle Abertzaleak-ek. Hori dela eta, ildo honen helburua Euskal Herriaren aldeko borrokan antolakundea eta, beraz, militantzia, parte aktiboa izatea izango da, beharrezko urratsak ematen lagundu eta eragin dezagun.

Ildo hau, ordea, Ekin ez bezala, ildo ez-iraunkor gisa irudikatzen dugu. Izan ere, testuinguru politiko, sozial, ekonomiko nahiz kulturalaren arabera zabaltzen diren abagune eta proiektuen aurrean gure indarrak neurtu eta zein ekarpen egiten dugun baloratu beharko dugu. Honela bada, unean une Ekin ildoarekin batera eta ikasle diskurtso batez testuinguratuta, Euskal Herriaren eraikuntzan urrats garrantzitsuak diren dinamika eta ekimenak garatu beharko ditugu. Zentzu horretan, egoera koiunturalei erantzuna ematea ere badagokigu. Honen baitan:

  • Nazio Eraikuntza
  • Eraldaketa soziala
  • Gatazkaren konponbidea

         

         3. Iraultzaile eskola, barne ildoa:

Ildo hau barne ildo gisa kokatzen dugu. Azken batean, ikasle antolakundeak kanporako praktika iraultzaile eta erreal bat garatuko badu, eredu izan beharko da. Horregatik, antolakundea hiru zapalkuntzei erantzun eta EEN eraikitzeko tresna iraultzaile bilakatuko denaren bermea izan beharko da.

  • Prozesu Feminista: bote harremanak gainditu eta sexu-genero zapalkuntzari aurre eginez, ikasleriaren ahalduntzea bermatzea.
  • Euskalduntzea: militantziaren jarrera eta jarduna erabat euskalduna izatea bermatzea.
  • Berdefinizio organizatiboa: zehaztutako helburu politikoei erantzuteko zehaztu beharreko antolakuntze eredua definitzea.
  • Prozesu Internazionalista: militantziaren arteko jarrera internazionalista sustatu eta zeharlerro bezala kokatzea.
  • Prozesu Ideologikoa: antolakundearen baitan jarrera kritikoa sustatu, gai ezberdinen gaineko hausnarketa eta formakuntza bermatzekoa. Lehentasunezko egiteko gisa, ulertuta, ezkertiar izaeraren definizioaren baitan teoria eta praktika ezberdinak aztertu eta propio bat eraikitzeko.
Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa