Iraganeko zubi eta geroaren irudi izan gara urteetan, gazteon oiartzunari jarraiki, tipi, tapa arituz independentziaren alde egin genuen topa, gu izan ginen bidea eta egin genuen herria, altxa eta mugitu genuen harria, eraikiz herria, gure etorkizun bakarra independentzia zela aldarrikatu eta ametsa bizi genuen, bestelako sistema baten bidean eta errepresioaren kontra, gazteok, batera ekin genuen, iraultza gure baitan hasten delako matxinadara egin genuen salto, garaipenera ere jalgi ginen eta oraingoan gure aborrotsek Urduñako kaleetan egingo dute danba.

Milaka eta milaka gazte batuko gara Ernai gazte antolakundeak antolatutako Gazte DANBADA jaialdian. 4 egunez hamaika hitzaldi, formakuntza saio, tailer, proiekzio, ekitaldi, txango, lehiaketa, jolas, kontzertu… izango da Urduñan. Ikasle Abertzaleak-ek ere bere tokia izango du bertan.

Lehenengo zita ostiralean 16:30ean izango da, ADI! gunean. Bertan, gerturatutako gazte guztiekin batera Madrildik inposatu nahi diguten LOMCE erreformaren inguruan mintzatuko gara. Gainera, legearen azalpenaz gain, #11x12ko nazioarteko ikasle antolakunde ezberdinenkin erreformari aurre egiteko esperientzia ezberdinak konpartituko ditugu. Nazio zapaldu ezberdinetan ikasle mugimenduek darabilten borroken inguruan jakiteko aukera izango dugu.

Bigarren parada larunbatean izango da, 12:00etan Gernika Plazan. Bertan Ikasle Abertzaleak-ek abiaraziko duen 25. urteurrenaren dinamikari hasiera ofiziala emango diogu. Ikasle euskaldun, ezkertiar eta feministok jendaurrean 25 urteetako ikasle borroken lekuko izan eta datorren azarora arte luzatuko den dinamikaren gako nagusiak azalduko ditugu. Ez-ohiko ikasleok zita bat dugu bertan.

Gainera, larunbatean zehar IAko materiala eskuratzeko aukera izango da Azokan.

Ikasleok ere bestelako Euskal Herria baten sinisten dugu. Egunez egun, hezkuntzatik, Euskal Herria eraikitzeko autuan berrestu gara VI. kongresuan. Horregatik, gainontzeko gazteriarekin batera, bestelako Euskal Herri independiente, sozialista eta feminista irudikatu eta borrokatuko dugu Urduñan. Euskal Eskola Nazionala egunez egun eraikiz, DANBADAn bezala, Euskal Herria askea eraikiko dugu; Gazte herria eraikiko dugu.

Honengatik guztiagatik, datorren martxoaren 29, 30 eta 31n eta apirilaren 1ean Urduñan egingo den Gazte DANBADA jaialdira ikasleria guztiari joateko deia egin nahi dio Ikasle Abertzaleak antolakundeak.

Kartela deskargatzeko: klik hemen

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa