VI. Kongresu Prozesuan zehaztutako Ikasle Estrategiaren harira burutzen ari garen harreman biraren baitan Euskal Preso Politikoen Kolektiboa-ren Bitartekaritza Taldearekin izan gara.

Gatazkaren konponbidean elkarren artean izan beharreko harremanetaz mintzatu gara; baita EPPKren mintzakidetza taldearekin zuzeneko harremanak izateko egin beharrekoen inguruan.

 

Iragan abenduaren 14 eta 15ean zehaztutako Euskal Eskola Nazionalaren aldeko Ikasle Estrategia-n jasotzen denari jarraiki, Ikasle Abertzaleak antolakundeak gaztazkaren konponbidearen aldeko lanean aurrera urratsak ematen ari da. Azkena, EPPKren Bitartekari Taldearekin eginiko bilkura. Bertan, besteak beste, ikasleak murgilduta dauden harreman biraren baitan Ikasle Estrategia EPPKrekin konpartitu eta aurrerantzean izan beharreko harremanak zehaztu dituzte.

Euskal Eskola Nazionalaren bidean Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa konpontzea eta berau modu integralean heziguneetan lantzea inportantea dela esan du IAk. Horrela, EPPKk bide horretan duen balioa azpimarratu eta aitortza politikoa egin dio ikasle antolakundeak: “Euskal Herriko bestelako subjektu politiko bat da IArentzat EPPK. Gatazkaren konponbidean berebiziko garrantzia du gainera preso politikoen kolektiboak”.

3 gai nagusi

Bilkurak 3 puntu izan ditu. Lehenengoan, Euskal Herriko zein nazioarteko eragileekin egin bezala, Ikasle Abertzaleak-ek Ikasle Estrategia konpartitu du bitartekariekin. Hemen, Euskal Eskola Nazionalaren proiektua azaldu eta helburu hori lortze bidean EPPKrekin izan beharreko harremanaz mintzatu dira aldeak.

Bigarrenik, mintzakidetzak EPPKk zehaztutako ildoak konpartitu ditu. Bertan, gatazkaren ondorioei eta konkretuki preso politikoen aferari zelan heldu konpartitu dute.

Azkenik, eta konpromesu zehatzei lotuta, IAk EPPKren Mintzakidetzarekin harreman zuzena izateko tramiteak abiaraziko dituela konfirmatu du. Bertan, Ikasle Estrategia azaldu eta izan beharreko harremana konpartitu nahi dute EPPKk zehaztutako Mintzakidetzarekin. Horretarako, beharrezkoak diren pausoak jarraituko ditu IAk eta espetxeetaraino heltzea izango da helburua: “Preso politikoen ordezkaritzarekin zuzeneko harremana izan nahi dugu. Euren ahotsa lehenengo pertsonan entzun nahi dugu eta gurea jaso dezatela”.

Gatazka politikoa heziguneetan

Hezkuntzatik ere gatazka politikoa landu behar dela uste dute aldeek. “Modu integral eta pedagogikoan herri honetan gatazka politiko bat badela landu behar da”. Ikasle Abertzaleak-ek adierazi duenez, euskal ikasleak gatazkaren ondorioak zuzen zuzenean pairatu dituzte: “Euskal Herriaren ukazioan du oinarri gatazka politikoak, beraz, euskal ikasle bati ere oinarrizko eskubideak urratzen zaizkio momentutik gatazka honetan kaltetua ere bada”. Horren adibide bezala Euskal Herria ikasteko dagoen ezintasuna, Espainiar zein Frantziar estatuen curriculum arrotzak ikasteko duten obligazioa, euskaldunduak izateko duten ezintasuna… azpimarratu du IAk. “Guk ere hezkuntzan herri baten ukazioa pairatu dugu. Ez dugu ez gure herria ikasi eta ez gara gure hizkuntzan heziak izan Euskal Herria ukatua izan delako”.

Horregatik, aurrerantzean, gatazka politikoa gainditzeko prespektiban kokatuko du Ikasle Abertzaleak-ek bere jarduna. Horretarako, ezinbestean, EPPKrekin harreman etengabeak izan eta irtenbidearen aldeko jarrerak sustatuko ditu ikasle antolakundeak.

Etiketak: Bestelakoak, Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa