Iritsi da Maiatzaren Lehena berriro ere, urtero bezala, garena ozen aldarrikatzeko eguna. Gure izana eta gure etorkizuna defendatzeko eguna, langileon eguna.

Egun hau ez da ospakizun egun hutsal bat, hau ez da Aitaren edota Amaren eguna bezala saldu nahi diguten egun kapitalista horietako bat. Hau jendartearen gehiengoaren eguna da, zapalduon eguna da, eta borrokatzeko eguna da!

Kaleak gorriz margozten diren eguna da Maiatzaren Lehena, gorriz eta morez, gorriz eta berdez eta arkatz zorroztuz bete ere. Klase zapalduaren eguna da Maiatzaren Lehena: langabetuona, prekarietatean bizi garenona, etxegabetuona, hezitzaileona, medikuona, auzoko dendariona, gurasoona, gazteona,  emakumeona, migranteona, ikasleona… Azken batean sistema honek zapaltzen gaituen herri sektore guztiona.

Aspaldiko kontua da ikasleak klaserik gabeko sektorea garela aldarrikatzen dutela batzuek, ez garela langile klasekoak aldarrikatzen dutela. Guzti hauek historikoki hezkuntzaren gain eliteen sortzea jausi den arren. Guk ordea, argi dugu nor garen eta zergatik aldarrikatzen dugun gure Maiatzaren Lehena. Ez dugu eliteak sortzeko bideratuko den hezkuntzarik nahi. Guk herritik eta herriarentzat egingo den hezkuntza aldarrikatzen dugu. Zapalkuntzak gainditu egingo dituen hezkuntza aldarrikatzen dugu. Herritik eta herriarentzat sortu eginen dugun hezkuntza.

Horregatik aterako gara ikasleok kalera Maiatzaren Lehenean. Guk, herritik eta herriarentzat egingo den hezkuntza defendatuko dugulako, eta baita eraiki ere! Etorkizuneko langile garelako. Langile garelako gaur, bihar eta beti!

Ikasle, maiatzaren 1ean aldarrikatu Euskal Eskola Nazionala, borrokatu guztion etorkizuna eta eraiki biharko Euskal Herria euskalduna, feminista eta sozialista!

Jo ta ke Euskal Eskola Nazionala lortu arte!

Gora Maiatzaren Lehena!!!

Gora ikasle eta langileon borroka!

M1kartela (2013)4

Etiketak: Bestelakoak, Info
  • Artxiboa