Aurten ere Oarsoaldeako Ikasle Abertzaleak-ek ikasle eguna antolatu du. Egun osoko egitaraua antolatu dute eta Oiartzunen bildutakoek jai giroan aldarrikatu dituzte 25 urteko ikasle borrokaren lorpenak.

Oarsoaldeako ikasleen oharra:

Oarsoaldean denbora luzez daramagu Ikasleon borroka aurrera eramaten. Gaurko eguna ere horren adibide garbia da. IAk 25 urte betetzen ditu aurten eta gu harro gaude urte guzti horien eta baita borroka guzti horien zati izateagatik. Honenbestez, ospatzeko eguna da gaurkoa, 25 urte borrokan eta aurrera jarraitzen dugu, jada ikasturteari amaiera ematear gaude, baina argi dugu datorren irailean ere borrokak jarraituko duela! Urte honetan hezkuntzan jasaten ari garen erasoak izan ditugu abiapuntu, baina eskualdetik urrundu dituztenak ere ezin izan ditugu ahaztu.

Esan bezala, hezkuntzan jasaten ari garen eraso ezberdinek markatu dute gure bidea. Oroituko zarete nola Urriaren 11ean Oarsoaldeko 500 ikasle kalera atera ginen haiei ezetz esatera, ezta? Ikasle Greba arrakastatsua burutu genuen, Donboskok, Haurtzarok, Elizaldek, Pasaia-Lezo- Lizeoak, Orereta Ikastolak, Oiartzok, Koldo Mitxelenak eta Langaitzek greba egin genuen, izugarria! Berriz ere gogorarazten dugu ikastetxeen jarrera kasu askotan ez zela batere egokia izan, baina guk horri aurre egin eta kaleak bete genituen. Orain, LOMCE datorkigu, Wert espainiar ministroak eredu españolista txertatzeko sortutako erreforma. Argi eduki dezatela gu hemen egongo garela, ez diegula geure hezkuntza suntsitzen utziko.

Bestalde, aurten IAk 25 urte betetzen ditu. Urte asko dira euskal ikasleon eskubideen alde borrokatzen. Jakingo duzuen bezala, aurreko abenduaren 14 eta 15ean ikasleok Kongresua burutu genuen Atarrabian eta hemendik aurrera bide-orri izango dugun Ikasle Estrategia zehaztu genuen. Harrotasunez oroitzen dugu egun hori, izan ere, 25 urte bete ditugu, baina esan dugun moduan, hau ez da hemen amaitzen. Guk hemen jarraituko baitugu.

Azkenik, ez daudenez oroitu nahi dugu. Asko dira Euskal Herritik kanpo bizi direnak, lau pareten artean preso edo herrira ezin itzuli. Asko dira, bestalde, Euskal Herriak bizi duen egoera politikoaren ondorioz ikasteko eskubideak ukatuak dituztenak, beraz argi esan nahi dugu euskal presoak etxean nahi ditugula eta euskal ikasleak klaseetan! Dena den, gaur bereziki eskualdeko lau gazteak oroitu nahi ditugu; Kuki, Anza, Lujan eta Franco. Gure herrietatik urrundu dituzte, gugandik urrundu dituzte eta dena Euskal Herri berri batean sinesteagatik. Jakin dezatela guk ez dugula sekula barkatuko eta gaurkoan ere, guretzat, hemen daudela.

25 urtez Euskal Herria hezkuntzatik eraikiz,

25 urtez Oarsoaldea Hezkuntzatik eraikiz!

Etiketak: 25 URTE, Ertainak, Gipuzkoa, Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa