Ana Telletxeak, Iruñerriko irakasleak, ondorengo iritzi artikulua idatzi du:

Ahutaketa garaian bizi gara. Ez bakarrik aste honetako probengatik, joera horrek hartuak gara erabat. Gizakiak klasifikatzeko ohitura du, mailakatzekoa, neurtzekoa eta sailkatzekoa, alegia, selekzionatzekoa.

Gai izan edo ez izan. Batzuk eta besteak. Zuri ala beltz. Tartean egon litekeen edozein kolore nabar, klasifikazioan ez da biltzen. Ez du interesik. Eta horren menpe, hainbeste ikasle. Erdi Aroko torneo baten irudikapen garaikidea izan liteke hautaprobetako metafora bizi hori; hartan jokoan baitira etika eta epika, egia bera eta erlijioaren tankerako zerbait. Ikasleak hil ala biziko zereginean sumatzen dira. Nor irtengo garaile? Norgehiagoka nekagarria, ahulgarria.

Eta horrek zeharkako eraginak dakartza, pertsonen adimena ez besteren gaineko balorazioa ez baita funtsezkoa gertatzen. Kalifikazio batzuek, emaitza batzuek egiten dute bazterketa, positiboa zein negatiboa. Estresaren kudeaketa bat ez ote den sakonean…

Neurrizko estresa ona omen da gure produktibitaterako (adituek dixit), baina maila altukoa bada eta denboran luze datorrena, eskola-porrota ekar dezake. Estres emozional hori gero eta presenteago dugu. Askotan azterketa bera ez baita arazoa, autoestimua baino. Azterketek, azken batean, urduritasun egoera batean eman dezakeguna baloratzen dute nagusiki. Norentzat, nori, norengatik ari garen ongi jakin gabe, azken batean gure zalantzak, beldurrak, kezkak eta izuak dira aurrez aurre jartzen zaizkigunak, estutzen gaituztenak. Nork neurtuko gaituen ez dakigu zehazki, baina balio behar dugula garbi adierazi zaigu. Gogoa ezohiko muga batera eramaten dugu, zergatia ulertu gabe maiz, eta hortik amorrazioak, frustrazioak. Nik ez dut balio madarikatua.

Pertsona konpetenteak baino, pertsona konpetitiboak nahi gaituzte goitik, lehia-garai honetan (inoiz baino gehiago) bekaizkeriarik gordinenaren isla erakusten duten agintariek ia onargarri ez diren baldintzetara toles dituzte pertsonak, jendea, gizartea. Gero eta gehiago. Etenik ez du anbizioak eta interesak. Pertsonen garapen eta hezkuntza helburu handia aitzakia baliatuz, langile errentagarriak dira egiazko nahia.

Badirudi perfekzionistak, autokritikoak eta autoexigenteak bihurtzen ari direla ikasketa prozesuan direnak besteen mesederako dohainak (oharkabean) garatuz, eskatutakora egokituz, hartara emanez, batik bat.

Aldeak alde, Darwinen Espezieen jatorrian eboluzio biologikoa azaltzeko proposatutako hautespen naturalaren teoria harira datorkigu hautaprobez gogoeta egitean:

“Honela, egokitzapen gutxiagoko populazioak (bere ingurumenak zehazten duenaren arabera) aukera handiagoa du hiltzeko. Beraz, hobeki egokitutako ezaugarriak dituztenek iraunen dute bizirik probabilitate handiagoz”. Hautaketa eta egokitzapena. Hori da gakoa, izan ere, “Multiply, vary, let the strongest live and the weakest die”.

Etiketak: Ertainak, Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa