Euskal Herriko hezkuntza komunitatea osatzen dugun hainbat eragilek hezkuntza sistema propioaren alde urrats erabakiorrak emateko konpromisoa hartu dugu. Inposatu nahi dizkiguten erreformei aurre egin eta elkarlanean LOMCEren ez-aplikaziorako estrategia amankomuna diseinatzeko hautuan berretsi gara.

Wert hezkuntza ministroak inposatu nahi duen LOMCE hezkuntza erreformaren aurrean, Euskal Herriko hezkuntza eragile gehienok, ikasle, guraso eta langile eta beste hainbat elkarte eta erakundek, lege honekiko gure aurkakotasuna adierazi dugu azken hilabeteotako hainbat agerraldi eta mobilizazioetan.

Adierazpen hau sinatzen dugun erakundeok guztiz baztertzen dugu inposatu nahi zaigun hezkuntza erreforma hau inposatzailea, zentralizatzailea, adoktrinatzailea, uniformatzailea, atzerakoia, segregatzailea eta elitista delako eta ez dugu onartzen Euskal Herrian ezartzea.

Argi dugu, egoeraren larritasunak bultzaturik datozen inposaketa ezberdinei erantzutetik harago, Euskal Herrian gure Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko urratsetan aurrera egitea dagokigu. Eta hau honela, uste dugu guztiz beharrezkoa dugula eta garaia dela, inolako inposaketa etakanpo injerentziarik gabe, Euskal Herriko hezkuntza komunitate zein herritarrok gure herriak nahi eta behar duen hezkuntza sistema propioaren inguruan eztabaida eman eta eraikitzeko bidean urrats berri eta atzeraezinak ematea.

Bide horretan, ez gara hutsetik abiatzen. Azken hamarkada luzetan hezkuntza komunitate osoak izan dugun konpromiso eta borondateari esker eta lorturiko adostasun zabala medio, inposatu nahi izan dizkiguten lege eta dekretuen gainetik bestelako hezkuntza eredu bat ehuntzen joan gara.

Asko dugu oraindik egiteko, baina orain arteko bide hori aintzat hartuz, baditugu abiapuntu diren eta garatzeko premia dutela uste dugun adostasun zabala batzen duten oinarrizko edukiak:

  • Ikasle guztien garapen osoa bermatuko duen heziketa

    inklusibo, konpentsatzailea, integratzailea eta hezkidetzailea. Aukera berdintasunean, ekitatean eta kalitatean oinarritua.

  • Euskal Herriarentzat curriculum propioa.

  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituen hizkuntza eredu bakarra.

  • Hezkuntza komunitate zein herritarren partaidetza demokratikoa hezkuntzaren gaineko erabaki eta kudeaketan.

  • Euskal Herrirako aurretiaz aipatutako puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa.

Hau honela, hemen bildu garen hezkuntza eragileok honakoa adierazten dugu:

  1. Alderdi politiko, Nafarroako eta EAEko legebiltzar eta gobernuei eskatzen diegu, LOMCEa inola ere ez aplikatzea eta aldi berean Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki ahal izateko pausoak eman eta bitartekoak jar ditzatela, kanpo injerentziarik gabe.

  2. Konpromisoa hartzen dugu, inposaketarik ez onartu, LOMC

    Eri aurre egin eta gure herrian aplikatu ez dadin estrategia amankomunak lantzeko. Modu berean, arestia

    n aipatutako ezaugarrien baitan, Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza sistema propioaren bidean lan eginez bururaino eramateko konpromisoa hartzen dugu.

  3. Honen guztiaren abiapuntutzat, “Euskal Herrian gure hezkuntza eraiki! LOMCE ez! Inposaketei ez!” lemapean, Bilbon urriaren 12an herri gisa kalera atera eta hezkuntza

    sistema propioa aldarrikatzeko deia egiten diogu euskal jendarteari.

Bilbon, 2013ko ekainaren 18an

Ikastolen Elkartea, Sortzen-Ikasbatuaz, ELA, LAB, STEE-EILAS,

UEU (Udako Euskal Unibertsitatea), Ikasle Abertzaleak,

HikHasi, NIZE (Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendarieen Elkartea)

6 Iruzkin orain arte.

  1. Maialen(e)k dio:

    Non dago Euskal Herri ikuspegia??? akaso soilik LOMCE dugu erasotzat??? eta Frantziar gobernua egiten ari den guztia non kokatzen dugu??? Euskal Herri mailako erantzuna da hau edo “Hegoalde”koen erantzuna?
    Euskal Herria aldarrikatzen gabiltza eta hezkuntza sistema propioa…baina ez gara Euskal Herri gisa jokatzeko gai. Aukera paregabea galtzera goaz.

    • komunikazioa(e)k dio:

      Aupa Maialen, eskerrik asko zure ekarpenagatik!

      Testuan (eta berrian) aipatu bezala, datozkigun inposaketei aurre egiteko kompromisoa hartu dugu, izan espainiar estatukoak edota frantziakoak. Gainera, konkretuki orain, LOMCEren ez-aplikaziorako estrategia amankomuna diseinatzeko hautua ere egin dugu eragile sinatzaileok.

      Baina bai, herri ikuspegia badago eta hezkuntza sistemak EHko 7 lurraldeak batzearen alde gaude.

      Ondo izan!

  2. Josu(e)k dio:

    Interpelazioa argia da manifestuan: Nafar gobernua eta EAEko legebiltzarra. Ni ados naiz Maialen-ekin. Gaur Hendaian protestak egon dira; bihar larunbatean Baionan; “baxoa” ez dago euskaraz egiterik, Peillon-ek ere bere lege proposamena du prakttikan jarri hezkuntzarako…….eta guk? Guk Euskal Hezkuntza Euskal Herri osorako aldarrikatuz baina “Hegoalde”-ko irakurketa hutsarekin. Eta ez dit balio esatea manifestuan “Inposaketei ez!” modu orokor batean ulertuta aipatzen dela, “LOMCEri ez!” espreski esaten baitzaio. Ez al gara ba gu mugak jartzen ari, eman beharreko herri erantzun tinkoari? Ez al gara gu lehenbizikoak inposatzen dizkiguten mugak gainditu beharko genituzkenak? nazio ikuspegi teorikoa daukagu barrenean, baina praktika oso gutxi. Bada garaia benetako herri moduan erantzunak eragin eta bultzatzeko, bada garaia komunitate bakar gisa kalera irteteko..

    • komunikazioa(e)k dio:

      Aupa Josu, eskerrik asko zure ekarpenagatik ere!

      Konpartitzen dugu ere diozun hori (nahi eta erabilitako tonoa egokiena ez dela deritzogun).

      Gauza da iragarritako ez dela soilik Ikasle Abertzaleak-en deialdi bat, beraz, ulertu beharra dugu gauza batzuk ekarpen zuzena egingo diotela gure proiektu politikoari eta beste batzuk zeharka. Kasu honetan, erabateko garrantziarekin parte hartu dugu foro hortan eta lehentasunez kokatu Euskal Eskola Nazionalaren kontrako erasorik larrienetarikoa jasotzeko larritasunean gaudelako LOMCErekin.

      Askotan esan dugu ere nahiz eta “Ikasle Estrategia” Euskal Herri osorako diseinatu, oraindik orain, IAk arazo organizatiboak ditugula Ipar EHn. Hau jakinda, hori konpontzeko lanean dihardugu, Ipar EHko ikasleekin batera.

      Beraz, ez litzateke batere koherentea ere LOMCE pasatzen utzi, eragileen arteko batasun hori ez aprobetxatu eta Ipar EHko problematikari heltzea, beti ere, Ipar EHko ikasleen erritmo eta nahiak kontrastatu gabe.

      Eurekin baxoaren inguruan mintzatu gara eta horrekiko lankete ahal eta hoberen egin da. Euren esfortzu eta ekarpen ikaragarriarekin, noski!

      Beraz, urriaren 12a hasiera besterik ez delako eta hortik aurrera bestelako gai sakonagoak landuko ditugulako, beti ere EHreko sistema propio baten alde, azalpena ulertu izana espero dugu. Bestela, lasai adierazi zure kexkak!

      Eskerrik asko!

  3. Maialen(e)k dio:

    Ariketa oso ondo dago egina, LOMCEri ez! eta horren aurrean herri harresia eraikitzen hastea Hezkuntza Sitema Nazionala aldarrikatuz. Hala ere, bizi dugun kointura politiko honetan, erasoak espainiar zein frantziar estatuetatik datozkigunean eta garrantzia eta tamaina bera dutenean (ez nuke esanen sekula LOMCEk Peillon-en Hezkuntza legea baino garrantzitsuagoa dela), nik uste aukera paregabea galtzen dugula Herri harresi bakarra eraikitzen hasteko eta ez bi hemen planteatzen den moduan “arazo organizatiboak” bezalako aitzakipetan babesturik. Ekimena, esaten den bezala IA-tik haratago doa, hare gehiago esanen nuke nik, guraso, ikasle eta irakasleetatik haratago joan beharko lukeen ekimena da, herri edo hizkuntza komunitate osoari eragiten baitigute erasoek, eta beraz gai izan beharko ginateke kanpotik ezarritako mugak zein gure buruetan dauzkagun muga psikologikoak gainditzen hasteko. Nik uste ekimenean bildu diren herri eragileak horretarako ausardia beharko luketela erakutsi. Ikusita zeintzuk diren ez dut ulertzen arrazoia. Hala ere Urriak 12 ni Bilbon izanen naiz.

    • komunikazioa(e)k dio:

      Eskerrik asko zure eskarpenagatik Maialen!

      Zuk idatzitakoa bat dator guztiz IAren planteamendu ororekin. Hala ere, jakin baher da momentu bakoitzean zer eta nola egitea dagokigu. Guk, jarraituko dugu “herri harresia” hezkuntzatik EH osorako eraikitzen, horretan ari gara. Lehen pausoa Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroatik hasi badugu ere, ez zalantzarik izan muga arrotzetik bestalderako problematika ere gure egitekoen zerrendan kokatzen dugula.

      Orain, beste sentsibilitateekin kontrastatzea dagokigu eta ahal beste indar metatu horren bidean. Ez da erraza, bederen.

      Mila esker eta urriaren 12an elkar ikusiko dugu, zu eta beste milaka herritar!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa