Azaroak 25 dugu gaur, emakumeonganako indarkeriaren aurkako eguna. Oso ohikoak izaten dira gaur bezalako egunetan politiko eta komunikabide ezberdinen ahotan eraildako emakume kantitatea, indarkeriaren aurkako hitzak, eta instituzio ezberdinei konpromisoak hartzeko eskaerak entzutea. Emakumeoi ausardia eskatzen zaigun bitartean erasotzailea salatzeko eskatuz; ez isiltzeko eskatuz.

Eta emakumeonganako indarkeria fisikoa oso latza den arren, indarkeri hori guztia sostengatzen duen sistema salatzerako orduan isiltasuna osoa da. Isiltasuna osoa da egunero gure bizitzako esparru guztietan modu zehatz batekoak izan gaitezen derrigortzen gaituzten mezuak eta inperatiboak jasan behar ditugunean, gure gorputzekiko erabakitzeko eskubidea indarrez kentzen digutenean, seme-alabak izan ala ez izateko aukera abortuaren legearen bidez lapurtuz esaterako. Edo kale guztietan, espazio publiko zein pribatuetan, gorputz eta izaera estereotipo batzuk bete ditzagun derrigortzengaituztenean, eta horiek ez betez gero, lanean, ikastetxeetan, parrandan eta etxean baztertzen gaituztenean.

Gehienak isiltzen dira normatik kanpo dauden sexualitate eredu ezberdin guztiak kriminalizatu eta erridikulizatzen direnean. Lesbianak, transexualak, bisexualak, prostituzioan ibiltzen direnak…jazarri eta epaitzen direnean. Gehienak daude isilik patriarkatua gure eskola eta fakultateetan presente dagoenean, eta gure erabakietan, harremantzako moduetan, espektatibetan eta presioetan islatzen denean.

Emakumeonganako indarkeria azaroaren 25ean azaleratu ohi den horretatik askoz harago doan zerbait da gure bizitzetan; psikologikoa da, fisikoa ere, sinbolikoa askotan, eta bizitzako esparru guztietan bizi dugu.

Baina gu ez gara isiltzen! Ez dugu patriarkatuaren ondorioetako bat ezabatu nahi soilik. Patriarkatua gure eskoletatik kanpo nahi dugu, hezkuntza hezkidetzaile eta askatzailea nahi dugu. Ezinbestekoa da, indarkeria guzti honekin amaitzea eta ezinbestekoa da emakumeok behingoz gure buruaren jabe izan eta gu ahalduntzea!

Hori dela eta, dei egiten diogu ikasleriari heziguneetan zehar patriarkatuaren mantentzaile diren zeinu eta indarkeria guztiarekin apurtzeko, eta autodefentsa feministaren bidez eraso orori aurre egiteko!

Soilik gure buruaren jabe izanda amaituko dugu honekin!!! Ikasleria altxa hezkuntza feminista eraikitzera!!!

Gora borroka feminista!

Erasoen aurrean autodefentsa feminista!!!

2013ko azaroaren 25an
Ikasle Abertzaleak

IA25

UU

Iruzkin bat orain arte.

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa