ipar

Aitzina, Euskaldun gazteria, ELBgazte, Ernai eta Ikasle Abertzaleen oharra:

Datorren azaroaren 30ean, Batera plataforma herrikoiak Ipar Euskal Herriarentzako Lurralde Elkargo baten aldeko manifestaldia antolatzen du. Manifestaldi hau Maulen iraganen da eta Parisi Euskal Herriko jendartearen oihua entzunarazteko parada izanen da.

Kontsentsua lortzen duen aldarrikapena Ipar Euskal Herrian aspalditik lurraldearen ezagupen instituzional bat galdegiten da, berezkoak zaizkion arazo eta beharrei erantzuteko. Forma ezberdinak jantzi ditu aldarrikapen honek (autonomia, departamendua, marko instituzional ez definitua…), beti ere aitortza politikoaren eta lekuko erronkei lokalki erantzuteko.

Frantses estatuak eramaiten duen deszentralizazio erreformaren baitan, eskaera honen harira, gure lurraldeko hautetsiek aho batez mahaingaineratu zuten Lurralde Elkargo berezituaren proposamena.

Egitura honen aldarrikapenak, gaur arte Ipar Euskal Herrian inoiz ikusi ez den kontsentsu historikoa lortu du.
Alde batetik, tendentzia politiko guziek bere egin duten hautua da, Hautetsien Kontseiluaren baitan aitzina eramatea erabakia izan dena.

Bestalde, gizarte zibileko hainbat eragile sozio-ekonomiko ere (Merkatal eta Industria Ganbara, Garapen Kontseilua…), Lurralde Elkargoaren bultzatzaileak bilakatu dira.

Proiektu hunek Ipar Euskal Herri osoan lortu duen atxikimendua eta atxikimendu horrek ematen dion zilegitasuna ukaezinak dira.

Estatu frantsesaren mespretxua

Frantses estatuak Ipar Euskal Herriarekiko duen mespretxua behin eta berriz agertu da. Mespretxu horri gehitu behar zaizkio lurralde huntako jendarteak eraman dituen iniziatiba herrikoien aurkako jazarpena eta erasoak. Honen baitan kokatzen dira Ikastolen eta Euskal Herriko Laborantxa Ganbararen aurkako erasoak. Bainan beste hainbat adibide badira, hala nola Euroaginduen aplikazio onartezinak, edo bake prozesuan inplikazio eza.

Lurralde Elkargoaren aldarrikapenarekin, estatu frantsesak ber jarrera mantentzea erabaki du. Lekuko hautetsien oharretan oinarritu behar zen deszentralizazio erreformak, bizkarra eman die Ipar Euskal Herriko hautetsien erranei, estatuaren maila gorenean hauen aldarrikapenak boikotatuz. Aipatzekoak dira hemen ere frantses gobernuak erabili dituen manerak, blokatze hauek gezurra eta manipulazioaren bitartez egin dituelarik.

Horrez gain, ditugun tresna guttiak zalantzan ematen ditu estatuak. Hor ditugu arlo sozialeko egitura lokalak (CAF, CPAM) desegitearen mehatxua, Ikastolen egitura beraren zalantzan ematea eta kantonamendu berrien mapa proposamenak inplikatzen duen Ipar Euskal Herriko lurralde historikoaren ukazioa.

Errealitate hunen aitzinean, Euskal Herriko gazteok, Ipar Euskal Herrirarentzat Lurralde Elkargo berezitu baten aldarrikapena gure egiten dugu. Egitura horrek barnebiltzen dituen 8 eskumenek soilik digute gure lurraldeak bizi dituen arazoei lokalki eta manera eraginkorrean erantzutea eta gure herria pausuz pausu eraikitzea ahalbidetzea.

Bestalde, Baterak eramaten dituen euskararen ofizialtasunaren, Euskal Herriko laborantxa ganbara ofizial baten eta Baionako eskumen osoko unibertsitate baten aldarrikapenak gure egiten ditugula azpimarratu nahi dugu.

Horregatik, eta gurea den gazte esparrutik, azaroaren 30ean Maulen iraganen den Lurralde Elkargoaren aldeko manifestaldian parte hartzeko deia luzatzen dugu.

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa