manifestazioa18 bannerNafKriminEZAzken asteotan nafar eskuinak euskarazko hezkuntzaren aurkako ofentsiba handia hasi du. Horretarako, Guardia Zibilaren “informe” baten laguntzaz, D ereduko irakasleriaren kontra jo du, estrategia doktrinatzaile bat aurrera daramatela esanez. Gainera, Iturrama institutua kriminalizatu du iraganeko mamuez.

    Manipulazio estrategia honek helburu argi bati erantzuten dio, D ereduaren kriminalizazioari. Badakigu euskararekin zerikusirik daukana muturreko nafar eskuinak ez duela atsegin, baina ez genuen uste kapazak izango zirenik euskararen aurkako horrelako ofentsiba bat aurrera eramateko. Gainera, erabilitako argudioek ez daukate fundamentu politikorik, bakarrik “informe” polizialetan oinarriturik baitaude.

    Hezkuntza doktrinamendu tresna nagusia izan da erregimen politiko, sozial eta ekonomiko totalitarioetan. Hori dela eta, ideologia absolutista, faxista eta kapitalistek doktrinamendu tresna bihurtu dute hezkuntza. Zentzu honetan, UPN eta Espainiar Gobernuek askotariko saiakerak egin dituzte hezkuntza sistema manipulatu eta doktrinamendu tresna bilakatzeko (horren froga dira azken 35 urteetako hamaika hezkuntza erreforma proposamenak).

    UPNk jada badaki zer den manipulatzea eta hezkuntza sistema doktrinamendu tresna gisa erabiltzea. Zoritxarrez Nafarroan hezkuntza doktrinamendu sare handienetariko bat ezagutzen dugu, frankismoaren oinordeko zuzena dena (diru publikoz finantzatutako sexu-bereizketa egiten duten ikastetxeak, Unibertsitate Pribatu bat OPUS erlijio sektak kontrolatua, Comunión y Liberación sektako kide den Hezkuntza Kontseilaria (Iribas) …).

    UPNren gobernua hezkuntza sistemaz baliatu da euskararen ikasketa eta erabilera Nafarroako hainbat zonaldetan trabatzeko; eredu hirueleduna sustatzen du D eredua ez zabaltzeko; Gobernuaren dirua jasotzen ez duten liburu batzuen (Euskal Herria terminoa daukatenak) lista beltza osatu du; Nafarroaren errealitate historikoa estaltzen saiatu da hainbat material didaktikorekin; murrizketekin sistema publikoaren aurka jo du; Donapearen espoliazioa…

    Sortutako polemika honekin, Gobernuak eta eskuin muturrak orain arte hezkuntzan gauzatu den manipulazio frankista estali nahi dute. Horretarako gezur handi bat sortu du ezerezetik, sostengaezinak diren akusazioekin eztabaida desbideratuz, eta modelo linguistiko oso bat kriminalizatuz.

    Egoera honen aurrean argi eta garbi hau esan nahi dugu: euskaraz askatasunez ikasi nahi dugu! Hezkuntza ez da doktrinamendu tresna bat, eta horregatik hezkuntza politikaren aldaketa estrategikoa behar dugu Nafarroan. Dei egiten diegu ikasle, hezkuntza komunitate eta jendarteari D ereduaren kriminalizazio eta hezkuntza sistemaren instrumentalizazioaren aurrean mobilizatu daitezen. 18an manifestazioa deitu dugu Ikasle Abertzaleok LAB, ELA, Stee-Eilas eta Sortzenekin batera 18:00etan Antoniuttitik aterako dena (Iruñea). Hezkuntzaren errotiko aldaketa batengatik; Euskal Herriko identitate linguistiko, kultural, historiko eta nazionalak errespetatuko dituena.

Nafarroan euskaraz askatasunez ikasteko eskubidearengatik

KRIMINALIZAZIORIK EZ!

Mani 18 kartela

Etiketak: Ertainak, Info, Nafarroa

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa