ESKUORRIA DESKARGATU

Bai, hau zuri zuzendutako mezu bat da. Ez, ez zaitugu engainatuko, ez dizugu esango beka gehiago emango dizkigutela, edo garraioa hobetuko dutela edo tasak ez dituztela igo nahi izango. Ez dizugu hori esango instituzioek ez dituztelako ikasleak kontuan hartzen, jada denok oso ondo dakigun moduan. Ezinezkoa, ikasleon ordezkaritza 45 pertsonatik 2 ikaslekoa denean (Gobernu kontseiluan adibidez), edo azken 4 urteotan Bologna aplikatu, behin eta berriz tasak igo, irakasgaiak ezabatu (normalean euskaraz daudenak, edo kritikotasuna sustatzen dutenak) edo ordezkorik ekarri ez dutenean.

Ez gaituzte kontuan hartzen ordutegiak erabakitzerakoan, eta guk trikimailuak egin behar izaten ditugu klase batetik bestera joateko, ordu marjinaletan ditugularik klase asko eta asko, goizez nahiz arratsaldez klaseak izanik batzuetan, bizitza guztia derrigorrezko klase praktika eta lanetan mugatuz. Honi lana eta ikasketak bateratzea ia ezinezkoa izatea batzen zaio, lan esperientzia edukitzea zailduz, eta nola ez, ikasketak, garraioa edo pisua ordaintzea ere ezinezko eginez kasu askotan. Urtez murriztu diren karreretan edukiak pilatzen dira azterketa egunerako, eman gabekoak ere hauetan sartuz. Euskaraz matrikulatu arren, irakasle askok ez dakite ondo euskaraz, eta materialaren gehiengoa gaztelaniaz edo ingelesaz jasotzen dugu.

Merkatu kapitalistak ezarritako kalitatearen parametroak eskuratzeko, ahalegin berezia eskatzen zaio gizarteari, unibertsitatean luxuzko inbertsioak egin bitartean (bazkari eta ekitaldi handiak, publizitate eta marketin kanpaina nekagarriak,…) ikasleriaren nahiz herriaren beharrei muzin eginez. Euren buruari eta UPVko burokrazia ustelduari loreak bota ostean, beste aukerarik ez dagoela, edo erabakiak ez daudela euren esku errepikatzen digute.

Hau guztia dela eta, gure lana ez dugu inolaz ere ikusten bulego hauetako baten barruan, jasotako kexak idatzi eta gorago dagoen norbaiti bidaltzen mugatuz gure jarduna, ez gara honen gestore bilakatuko. Eta gainera ez dugu inolako intentziorik zuek engainatzeko esanez hemendik aurrera gure hitza unibertsitatearen prioritatea izango dela. Usteldua dagoena, ezin da berreskuratu, erroko aldaketa atzeraezina da ikus dezakegun argi izpi bakarra.

Gure lana, aldaketa hau gauzatzera bideratuko da, inolako irtenbiderik gabeko eta ikasleak apaltzeko partxeetatik at, bai klasean, klase artean, zein ikasle kontseiluetan eraginez. Eta horregatik, herritik eta herriarentzakoa den unibertsitate euskaldun, hezkidetzaile eta benetan demokratiko bat eraikitzeko egingo dugu lan; zurekin, ikasleokin, behean; eta ez bulego batetik.

Honetarako fakultate bakoitzean dauden arazo eta egoeretatik abiatuta horiek behetik irauli eta alternatibak praktikara eramango ditugu. Ikasleak hori lor dezaten elkartuz, eta elkarrekin bide hau eginez. Hori lortzeko, toki bakoitzean ikasleok batu eta martxan jarriko gara, zenbait lekutan egin dugun eta egiten ari garen moduan:

  • Apunteak eta lanak konpartitzeko sareak sortuz. Horrela, lehiaren, indibidualismoaren… gainetik, elkartasun sareak sortuz, ikasleok elkarri laguntzeko eta elkarrekin aurrera joateko.
  • Klase bakoitzeko arazoak konpartitzeko ordezkari asanbladak sortu. Horrela arazoak konpondu ahal izateko indar handiagoa izateko, eta klase bakar bateko arazo bakar bat ere ez isilpean geratu ez dadin.
  • Gazteleraz jasotzen dugun materiala euskaratzeko eta material hori ofiziala izateko iniziatibak sortu. Horrela ez dugu itxaron behar irakasleek euskaratzea erabaki arte, eta era berean hobeto landu ditzakegu eduki horiek euskaratzeko lanean egon baldin bagara.
  • Ikasteko, hitzaldiak modu ohikoagoan eman ahal izateko; eztabaidak, hausnarketak eta karrera ezberdinetako ikasleok elkartu eta harremantzeaohikoago bihurtzeko ikasleok kudeatzen ditugun espazioak lortzea.
  • Klase bakoitzeko ikasle kopurua murriztea. 70 edo pertsona gehiago dituzten klaseetan (40tik gora dituztenetan ere) atentzio indibidualizatua inexistentea delako, taldean eztabaida, duda edo hausnarketaren bat egitea ia ezinezkoa delako eta hori ez delako kalitatezko hezkuntza bat bermatzea.
  • Egiten ditugun lanak, praktikak eta abar, unibertsitatetik kanpoko errealitatearen inguruan egin, eta horren inguruan hausnartu zein hau eraldatzeko proiektuaksortzeko lan egitea. Biologiatik medikuntzatik, zuzenbidetik, haur hezkuntzatik edo soziologiatik abiatuta, inguratzen gaituen errealitate hau eraldatzeko paper aktiboa sustatu beharko luke unibertsitateak.
  • Unibertsitatean sartzen ari diren murrizketa, tasa igoera, orain etorriko den unibertsitateko erreforma (EU2015arekin lotua) guztien aurrean mezu tinkoa izan. Argi utzi ikasleriari ez digula inolako mesederik egiten eta zapalkuntza eta ezberdintasun sozialak handitzeko baino ez dutela balio. Ez izatea mezu konfuso edo kontraesankorrik, argi uztea ikasleok LOMCEren, unibertsitateko erreforma honen… kontra gaudela, eta herritik eta herriarentzakoa den unibertsitate bat eraikitzera pausoak eman.
  • Hezkuntza hezkidetzailea lortu ahal izateko, genero ezberdintasunak unian nola itzultzen diren identifikatu, ikasleon arteko hausnarketa sustatu, eta harremantzeko modu horiek guztiz eraldatzeko beharrezko tailerrak, saioak, kontzientziazio kanpainak… egitea.
  • Prezio desorbitatuak dituzten eta masterretara soilik mugatzen diren edukiak, testuak, ezagutzak, dinamikak… horietan zertan matrikulatu ez diren ikasleei eta unibertsitatean matrikulatu gabe dauden herritarrei heldu ahal izatea bermatzea, horiek kolektibizatuz eta horrela jakintza guzti hori elite baten esku gera ez dadin lortuz.
  • Ikasleok ikasteko behar ditugun baliabideak unibertsitateak bermatu ditzan presio handia egitea; apunteak, garraioa, liburuak, bazkaria… ikasleok jarririko lehentasunak kontuan izanik.
  • Ikasleak euren eskubideen jakitun izatea bermatzea, adibidez zuzentzeko irakasleek dituzten epeak, euren klasera asistentzia, bigarren zuzenketak, tutoretzak…
  • Edukien eta irakasteko moduen erabakietan ikasleok presente egotea bermatzea. Horrela, guk landu beharko ditugun gauzak, eta irakasleekin harremanduko garen moduak gure ikuspegia barne hartuta izatea. Gure ustez edukiak gure inguruarekin eta herriarekin oso lotuak egon behar dira, horien jakitun izan, eta horiek nolakoak izatea nahi dugun aktiboki erabaki ahal izateko. Era berean, irakaskuntza pedagogia askatzailean oinarritua egotea ezinbestekoa ikusten dugu. Bestela, ikasleok “edukiz bete beharreko kutxa” bezala tratatzeko arrisku handia dagoelako, eta azterketak zein ondoren ahaztu ohi diren eduki kantitatea horren erakusle direlako.
  • Ikasleon derrigorrezko asistentziaren inguruan eztabaida bat sortaraztea, eta ikasleon erabakia errespetatua izan dadin presio handia egitea.

Guzti hauei, fakultate bakoitzeko egoera konkretuak iraultzeko proposamenak gehitu behar zaizkie. Lehen esan bezala ordea, instituzioetan ikasleon ahotsa oso mugatua da. Beraz, organo hauetan jokatuko dugun papera, fakultateetan, klasetan… lantzen ari garen edo landuko ditugun proiektuei indar eman edo babestea, eta ikasleriarenganako erasoak oztopatu eta blokeatzea dira. Guk argi utzi nahi dugu, ikasleriaren askapenerako eta ikasle mugimendua zein gela bakoitzeko ikasleen ahotsaren bozgorailu izango garela, bai beheko instituzioetan, zein klaustro edo goi organoetan, eta beraz, ez dugula orain dagoen joko burokratiko eta ustela onartuko, ezta bertan parte hartuko.

Behean lan egin, behetik irauli!!!

Batu borrokara eta bozkatu Ikasle Abertzaleak!

 Irakurketa deskargatzeko hemen sakatu

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa