tantaz tanta

Irabazle eta galtzaileen ipuina kontatu digute. Ukatua den herri xume baten historia ezkutatu eta berau asimilatzeko hezi nahi izan gaituzte. Gure historia, gure memoria, eurek idatzi nahi izan dute. Baina gu, orain eta hemen, historia idazten ari gara. Izan zirelako gara gu eta garelako izanen dira datozenak. Egia bide, askatasuna amets dugun belaunaldia gara.

Kilometroak arerio bilakatu nahi izan dizkiguten arren, urruntasuna hautsi eta gertu sentitzen ditugu denak. Gure alboan nahi ditugu denak. “Ikasle presoak klasera!” esaten dugu. Euskal preso eta iheslariak etxera ekarri nahi ditugu. Borrokan eroritakoak gogoan, herri hau libre eraiki nahi dugu.

Libre. Hori da gure meta. Ez garelako are hondar isolatu bat. Bat gara, eta bi, eta hiru. Dozena bat gara, ehunka gara. Herri desobediente oso bat gara. Donostia, Ondarroa edota Iruñea ditugu eredu. Borrokan hezitako iraultza haziak garelako. Gure dema argi dugulako. Borroka honetan egonen garelako, denak ala inor ez. Denak ala ezer ez.

Badakigu sufritzen. Sufrimenduak, ordea, egin gaitu indartsu. Atzera begiratzea keinu automatikoa bilakatu nahi izan diguten arren, aurrera begiratzen jarraitzen dugu, atzera goazelako aurrera ez bagoaz. Ez gaituzte kikildu. Modu kolektiboan egiten diegu aurre.

Euren aurrean eserita nahi gaituzte. Hatzamarrarekin apuntatzen gaituzte. Baina ez gaituzte gu epaitzen, Euskal Herria epaitu nahi dute. Ez gara egindakoaz damu. Garenaz harro, borrokak egin gaitu. Borrokak hezi gaitu.

Eta begiak estali dizkigute eta euren estolderietan ito nahi izan gaituzte. Baina gure duintasunak adokinak zeharkatu ditu etengabean. Itziarren seme eta alabak gara.

Barroteen bestaldean ere burua altxatu dugu. Burua altxaturik izaten jarraitzen dugu. Gure ametsak inongo mugarik ez duelako begietara begiratzean hitz egin gabe ulertzen gara.

Baina Ane, Jon eta Miren bezala beste asko ondoan nahi ditugulako, ikasle izatea horren zaila sekula izan ez delako, apurtuko ditugu lotzen gaituzten kateak.

Tantaz tanta itsasoa osatuko dugu. Askatasunera eramango gaituen olatua izanen garelako. Zubiak zeharkatuz elkartasunetik konpromisorako bidea borrokan igaroko dugulako, tinko jarraituko dugu gure bidean, utopiaren bidean ikasleok iraultza.

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa