MANIFESTUA

Bizkaiko Ikasle Eztanda

Manifestu honen sinatzaileak garen Bizkaiko ikasleok, egungo egoeraren aurrean hau adierazi nahi dugu:

Gaur egun ezarria dagoen hezkuntzak kapitalismoan pieza bat gehiago izateko hezten gaitu, lan esku egokia izan gaitezen behar ditugun trebetasunak, ezagutzak eta mundu ikuskera irakatsiz. Era berean gure artean lehiatzeko eta indibidualistak izateko hezten gaitu, azterketak, zenbaki bidezko ebaluazioak… bezalako selekzio tresnen bidez balio dutenen eta balio ez dutenen arteko aukeraketa eginez. Hortaz gain, euskalduntzea bermatzen ez duten ereduak sustatzen dira hezigune askotan, eta fakultate anitzetan karrerak edo irakasgai zehatzak euskaraz ez dira eskeintzen, Lanbide Heziketa askotan bezala. Gainera, 7 lurraldeak batzen dituen jakintza zein ikuspegi oro baztertu edo kontzeptu bezala ukatzen da, nazio bezala zapaltzearen bermeetako bat bihurtuz. Eta hori gutxi balitz bezala, sexuaren gainean eraikitako generoaren arabera banatutako rol eta identitateetan hezten gaituzte, horrela, gizon eta emakumeen arteko ezberdintasunak handituz, eta patriarkatuaren biziraupena bermatuz.

Gainera, orain onartu duten LOMCE edo datorren urtean unibertsitateetan inposatuko diguten “Estrategia Universidad 2015” bezalako erreformen bidez zapalkuntza guzti hauek muturreraino eraman nahi dituzte. Hori dela eta, ezinbestekoa ikusi dugu Bizkaiko ikasleria osoa batu, eta eraso guzti hauen kontra gaudenez (egun ezarria dagoena ere errotik aldatzearen alde gauden bezala), hitzetatik ekintzetara igarotzea, eta herritik herriarentzakoa den hezkuntza praktikara eramanez, egungo eredua errotik irauliko duen ikasle mugimendua eztandaraztea.

Horretarako, ikastetxe eta fakultate bakoitzeko gela bakoitzeko ikasle guztiei manifestu honetara atxikitzeko eta Martxoaren 27an Bilboko kaleetan orain arte inoiz ikusitako Bizkaiko Ikasle Eztanda handienara batzeko dei egiten diogu. Eta gaurtik (urtarrilak 16) ordura arte toki bakoitzean dauden arazoen aurkako borroka eta mugimenduak gero eta indar handiagoa hartzera deitu nahi ditugu, gehiago onartu ezin dugun egoera hau, sistema hau, eta hezkuntza hau mantentzea sostengagaitza egigo duen egoera sortuz.

Hasi da atzera kontua!
GORA BIZKAIKO IKASLERIA! GORA IKASLEON UDABERRI GORRIA!

www.ikasleeztanda.net

1txiki

 

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa