kanpaina irudiaUriarte, Iribas eta Wert, zuen denbora agortu da. Arezko erlojuaren azken hondarra erortzean argi geratu da zein den PNV, UPN eta PPren estrategia hezkuntzan. Azkenaren hurrengoa da zuentzat ikasleon hitza, baina hori aldatzen hasiko da. Kapitalismoaren, espainiar zein frantziar estatuen eta patriarkatuaren mesedetan dagoen gaur egungo hezkuntzan, erreformak proposatzen dituzue bai; baina klase, nazio eta genero  zapalkuntzetan sakontzeko.

Ibilbide honetan ikasleen interesen kontra jokatzen ari zarete, beti ere elite ekonomiko baten mesedetan. Euskal ikasleok ez gara tentelak. Ez ditugu herri xehearen kontra doazen hezkuntza erreformak onartuko, ezta gaur egungo hezkuntza eredu ustela ere.

LOMCE, PNVren Heziberri2020 eta EU2015aren ildotik datorren unibertsitate erreforma norabide horretatik datoz. Kezka berezia eragiten digu Heziberri 2020k. LOMCEren alternatiba bezala saltzen diguten honek, Werten erreformen interes berdinei erantzuten die, Europar Batasunak dituen asmo merkantilizatzaileetan oinarritzen baita; hau da, EU2015-2020ko bidean.

Hamaika alditan agertu gara egungo hezkuntza eredu eta erreforma arrotz, elitista, zentralizatzaile eta merkantilizatzaileen kontra, Euskal Herriko ikasleria kalera ateraz. Indar guzti honekin, ikasle borrokan fase berri baten irekiera beharrezkoa da. Bolonia prozesuaren kontrako mobilizazioen loraldiak utzitako irakaspenetatik ikasle mugimendua berriz ere indartu beharra dago, indar metaketak egungo eredua errotik eraldatzeko baliatuz.

Sistema kapitalista patriarkala jendartearen biziraupenerako beharrak asetzeko zerbitzuetatik (hezkuntza, osasuna, energia, ura…) etekin pribatuak maximizatzen ari da. Testuinguru honetan, inoiz baino beharrezkoagoa da proiektu politikoen arteko talka. Botere hegemonikoaren aurrean ikasleok alternatiba sendoa eraiki behar dugu, desobedientziaren bitartez, egungo sistemaren kontraesanetan sakonduz.

Horregatik, aldarrikatzen dugun eredua hezkuntza euskaldun, ezkertiar eta feminista da. Eskola inklusibo, herritar, parekide, duin, internazionalista, askatzailea… borrokatzen dugun heinean, Euskal Eskola Nazionala eraikitzen ari gara.

Ikasleok gaurdanik Euskal Herriak behar eta nahi duen hezkuntza eredu propioa eraikitzen hasteko bidea hartu dugu. Baina gure eredua eraikitzearen ardura ez da ikasleona bakarrik, ezinbestekoa da hezkuntza komunitatearekin elkarlana sustatzea eta aldi berean herri gisa erantzutea. Errotiko aldaketari ekingo diogu. Geroa marrazteari ekingo diogu. Ikastetxez ikastetxe eta fakultatez fakultate Euskal Eskola Nazionalari ekingo diogu.

Honenbestez, maila lokaletan deitzen diren mobilizazioez gain ondoren azaltzen diren deialdi nazionaletan parte hartzera deitzen dugu ikasleria zein jendarte guztia:

  • Otsailaren 25etik aurrera: Mobilizazio Egoera Iraunkorra hezigune guztietan.
  • Otsailaren 28an: Ipar Euskal Herriko Bernat Etxepare lizeoko ikasleekin batera, Parisen eginen den Baxoa euskaraz ekimenean.
  • Martxoak 3: Bilbon eginen den gailur ekonomikoaren kontra.
  • Martxoak 8: Emakume langilearen eguna.
  • Martxoaren 27an: Hego Euskal Herriko ikasle greba orokorra.

>Bitartekoak deskargatzeko hemen sakatu<

 

2 Iruzkin orain arte.

  1. […] Otsailaren 25etik aurrera: Mobilizazio Egoera Iraunkorra hezigune guztietan. Otsailaren 28an: Ipar Euskal Herriko Bernat Etxepare lizeoko ikasleekin batera, Parisen eginen den Baxoa euskaraz ekimenean. Martxoak 3: Bilbon eginen den gailur ekonomikoaren kontra. Martxoak 8: Emakume langilearen eguna. Martxoaren 27an: Hego Euskal Herriko ikasle greba orokorra. Iturria: Ikasle Abertzaleak […]

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa