Uribe Kostako ikasleen oharra:

Agerraldi hau burutzen dugun ikasleok honakoa adierazi nahi diogu Uribe Kosta eta oro har, Euskal Herriari:

Egun ezartzen zaigun hezkuntza sistema gure herriaren eta herritarren interesengandik at kokatzen den honetan, herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza eredu berri baten eraikuntza beharrezkoa ikusten dugu.

Espainiako gobernutik datozen erasoak ez dira gutxi, eta haien artean, egungo hezkuntza sistema okerrago jarri nahi duen LOMCE lege arrotza dugu.

Honen bitartez, Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen borondateari uko egin eta euskal ikasleok nahi eta behar dugun hezkuntza eredutik urrun dagoen sistema adoktrinatzaile, sexista, antidemokratiko, autoritario eta espainola inposatu nahi digute.

Honi, unibertsitateetan martxan jarri nahi duten “Estrategia Universitaria 2015” bezalako ereduak, Nafarroan D ereduaren aurka burututako kriminalizazio kanpaina edota ipar Euskal Herriko ikasleei Frantziako gobernutik Baxoa euskaraz ikasteko ezartzen zaizkien zailtasunak gehitu behar zaizkio, beste askoren artean, ekimen isolatuak ez direla ulertzeko.

Urteak daramatzagu heziguneetan neurri arrotz hauek pairatzen eta aldaketarako ordua heldu dela argi dugu.

Eusko Jaurlaritzak ez dio herriari inposaketa berri hauen aurrean zein jarrera hartuko duen azaldu nahi, eta hori gutxi balitz, “HeziBerri” bezalako proiektuak martxan jartzeko asmoa azaltzen du, hezkuntza komunitateko hainbat sektore lasaitzeko asmoz, baina berriro ere, gure hezkuntza sistema propioa eraikitzen hasteko tresna baliagarririk eskaini gabe.

Euskal Herriarentzako hezkuntza sistema propia eraikitzen hasiak gara, eskuz esku, hezkuntza komunitatearekin eta herritarrekin egin beharreko bidea adostuz.

Datorren asteetan mobilizazio etengabeak burutuko ditugu hezigune eta herri desberdinetan, martxoaren 27an Bizkaian burutuko dugun Ikasle Eztandan indar erakustaldia egingo dugularik.

Egun honetan, ordea, ez da ezer bukatuko, Euskal Herriak nahi eta behar duen hezkuntza sistema nazionala lortu arte burutuko dugun borrokaldi etengabearen abiapuntu indartsua besterik ez baita izango.

Ikasle mugimendua inoiz baino indartsuago dago eta gaurkoan ere ikasleok argi diogu:

Herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza sistema propioa eraikitzera goaz!

Etiketak: Bizkaia, Ertainak, Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa