M3KART

Gasteizko Ikasle Abertzaleak:

Gaur 38 urte beteko dira Gasteizko hirian langileriak jasandako erasorik latzena eman zenetik. 1976ko martxoaren 3an, greban zeuden langileak San Frantzisko elizan informazio asanblada bat aurrera eramaten ari zirela, polizia espainiarra, eliza gaseatu ostean, ihesean irteten zen langileriaren aurka tiroka hasi zen, 5 langile erahiliz eta ehunka zaurituz.

Franco hil osteko lehen hilabeteak ziren, inolako askatasunik gabeko garaia, baina langileria kalera irten zen herriarena zena herriari itzultzeko asmoz. Bi hilabetez greban egon ondoren, bi eguneko greba orokorrerako deialdia egin zen, ia langileria guztiaren babesa jasoz, bai eta elkartasunez grebara batu ziren zerbitzuena, dendena… BAITA IKASLEONA ERE. Errepresioa nonahi topa zitekeen martxoak 3-ko goiz hartan.

Arratsaldeko 5etan Zaramagako Asisko San Frantzisko elizan asanblada informatiborako deialdia zabaldu zen, ohiko topagune baitzen Ordezkaritza Batzordeak albisteen berri eman behar zuenean. Polizia espainiarrak, Fragaren agintepean, ahalik eta jende gehien pilatu arte itxaron zuen, 5000 pertsona inguru elkartu zirenean eliza hustutzeko agindua emateko eta sarraskeria ‘arrakastaz’ burutu ahal izateko. Negar-eragileak, ‘porrazoak’, bai eta tiroka aritu ere… Zaila izan zuten orduko langileria geldiaraztea… Elkartasuna nabarmena izan zen ere. Egoera ikusita, kanpoaldean beste zenbait pertsona poliziaren arreta deitzen saiatu ziren, hauek ere poliziaren erasoak jaso zituztelarik.5 hildako eta ehunka zaurituetaz harro sentitzen zen polizia espainiarra. ‘’Muchas gracias, eh! ¡Buen servicio! ­Dile a Salinas, que hemos contribuido a la paliza más grande de la historia. ­Aquí ha habido una masacre. Cambio. ­De acuerdo, de acuerdo. ­Pero de verdad una masacre’’.

Auzitegietatik igaro ondoren, eta gizahilketatzat jo ondoren, ekintza norbanako batzuei leporatzeko froga adina ez zegoela adierazi ondoren 5 erahilketen kasuak artxibatzeko ebazpena eman zen. Egindakoaz barre egin zuen poliziak, baita Estatu espainiarraren gobernuak ere… baina mendekua gurea da, gurea behar du izan.

Une hartan ikasleriak aurpegia eman zuen bezala, gizarte sozialista eta justuago baten bila langileekin bat egin zuen bezala, gure historia idatzi nahi dutenei hortzak erakusteko unea dugu. Burgesiaren nahiak babesten zituen poliziak gure arbasoei eraginiko barrabaskeria guri eraginiko barrabaskeria ere dela argi izan behar dugu. Haiek eraikitako bidea, eta orain kapitalismoaren zapalkuntzak ezkutatu nahi duena, berreraikitzeko ardura gurea da. Eta ikasleok baditugu zeregin ugari xede honen lorpenean.

MARTXOAK 3, EZ DUGU AHAZTEN, EZ DUGU BARKATZEN!

GEUREA DUGU GARAIPENA!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa