arabatakada

Arabatakada-ren antolatzaileen oharra:

Hezkuntza herrien motorra dela ukaezina da eta horretan unibertsitateak berebiziko garrantzia hartzen du. Unibertsitatea etorkizuneko jendartea formatzeaz arduratzen da. Halako hezkuntza horrelako herria. Hori argi eta garbi dugu. Eta horregatik aldarrikatzen dugu herritarron mesedeak aseko dituen unibertsitatea. Herritik sortua izango dena eta herritarrak heziko dituena, jatorri zein egoera sozial edota ekonomikoagatik diskriminatu gabe. Euskaraz funtzionatuko duena, euskaraz hezi eta biziko garen unibertsitatea alegia. Gure herria bere osotasunean kontutan hartuko duena, bai edukietan, baita unibertsitatea sortu eta kudeatzeari begira ere. Egungo gizarte patriarkala irauli eta berdintasunean hezteko aukera emango digun unibertsitatea da guk nahi duguna. Eta horretara goaz. Egunez egun gure unibertsitatea eraikitzen gabiz, klaseetatik hasita kaleko azken bazterrera arte; argi dugu, Euskal Herriak unibertsitatea euskaldun, parekide, nazional eta herritarra behar du. Euskal Herriak bere unibertsitatea behar du!

Horren harira, arabatakada bueltatzea erabaki dugu. Aurtengoa X. jaialdia izango da. Askok dakizuen bezala, urterik urte arabatakada eboluzionatzen joan da, hasieran unibertsitatean egiten zen jaialditik, azken urteetako jaialdi erraldoira arte, gauza bakarra argi eta garbi izanik; herritik eta herriarentzat sortutako jaialdia da arabatakada. Eta aurten eboluzioak aurrera jarraitzen du. Jaialdiaz aparte, hitzaldi sorta interesgarria antolatu dugu, biharko unibertsitatea diseinatzerako orduan, tresna garrantzitsua. Herritik eta herriarentzat logikari erantzunez, batukada herrikoia sortuko dugu, araBATUKADA!.

Jaialdira bueltatuz, Maiatzaren 9an izango da, egitarau oparoa antolatu dugularik:

  • 11:00etan jolasak egongo dira kanpusean zehar.
  • 14:00tan, jolasetan gastatutako indarrak berreskuratzeko, bazkari autogestionatua egongo da, kanpusean bertan. Hau eta gero, kalejiran joango gara Mendiazabalara.
  • 18:00etatik aurrera, Mendizabalan kontzertuak hasiko dira, Bi karpa egongo dira. Lehenengo karpako kontzertuak, guztiz finkatuta daudenak, hurrengoak dira: AFU, Izaki Gardenak, Ze Esatek!, Glaukoma, Gatibu eta Las Tea Party DJ’s. Bigarren karpan, egitaraua zehazten ari bagara ere, Musika Jartzaileak eta dantza plaza egongo direla esan dezakegu.
  • 22:15etan ekitaldi zentrala egongo da.

Jaialdiaren ospatze data hurbildu ahala informazio zehatzagoa zabalduko dugu, kartel eta bestelako prentsa oharren bidez. Nahi duenak haraba.info web orria ere bisita dezake informazio gehiago eskuratzeko.

Besterik gabe, dei egin nahi diogu euskal herriak bere unibertsitatea izatearen aldeko pertsona orori lanean jarraitzera eta jaialdira bertaratzera.

 

Etiketak: Araba, Unibertsitateak

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa