LOMCEri aurre egiteko gida, ikastetxe eta herrietan eztabaida eta sozializazio kanpaina eta jardunaldiak aurkeztu ditugu

lomce1Urriaren 12an Bilbon egin zen manifestaldi jendetsuan aldarrikatu eta abiapuntu moduan jarritako oinarriak ardatz hartuta ELA, LAB, STEE-EILAS, Ikastolen Elkartea, Sortzen Elkartea, Ikasle Abertzaleak, Hik Hasi eta UEU hezkuntza eragileok LOMCEri aurre egin eta Euskal Herrian behar eta nahi dugun hezkuntza eraikitzeko dinamika eta proposamenak lantzen aritu gara azken hilabete hauetan.

Ondorengo ardatzak hartu nahi ditugu, ikastetxeetako ikasle, familia eta langileekin eta herritarrekin batera landu eta garatzeko:

  • Ikasle garapen beharrak eta eskubideak bermatuko dituen heziketa integrala (pertsonalizatua, inklusiboa, hezkidetzailea, kritikoa, laikoa…) eta horretarako behar diren baliabide guztiak izango dituena.
  • Ikasle euskaldun eleaniztunak sortuko dituena.
  • Curriculum propioa izango duena.
  • Ikastetxeen autonomia eta parte hartze eta funtzionamendu demokratikoa bermatuko duena.
  • Euskal Herrirako aurretiaz aipatutako puntuak barnebilduko dituen marko normatibo propioa.

LOMCEk inposatuko duen hezkuntza sistemaren eta honen ondorioen inguruko informazioa zabaltzen ibili gara orain artean. Baina gaurkoan, beste urrats baten berri ematera gatoz. Pasaden urtean, LOMCEri aurre egiteko eta gure hezkuntza propioa eraikitzeko estrategia komun bat diseinatzeko konpromisoa hartu genuen. Estrategia komun horren oinarriak konpartitzeko egin nahi dugun ibilbidea aurkeztera gatoz gaurkoan.

Honelako erronkari aurre egiteko eskola komunitatearen eta herritarren gehiengo zabalaren inplikazioa eta konpromisoa funtsezkoa dela jabeturik, gaurkoan aurkeztu eta ondorengo hilabeteetan garatuko ditugun neurriak eta proiektuak, Werten legeak dakartzan atzerapausoak ekidin eta gure hezkuntza sistema garatzen joateko tresna eraginkorrak izan daitezkeela uste dugu.

Hain zuzen ere inplikazio eta konpromiso hau lantzeko helburuarekin ikasturte bukaera bitarte luzatzen den dinamika jarri nahi dugu abian. Maiatzean, hain zuzen ere, ibilbide honetako ekarpenak jaso eta LOMCEren aplikazioa ekidin eta Euskal Hezkuntza Sistema Propioaren eraikuntzarako gida praktikoa osatzea helburu izango dituen jardunaldiak burutuko ditugu.

Bide horretan lehen urrats modura, Martxoak 15erako Iruñeako Katakrak-en deitu dugun batzar irekia da gaurkoan aurkeztu nahi dugun lehen kontua.

Batzar hau, lehen aipaturiko inplikazioa eta konpromisoa gauzatzen hasteko lehen pausu gisa kokatzen dugu; gure eskuetan ditugun aukerak aztertu eta hezkuntza komunitate zein herritar moduan har ditzakegun konpromisoei buruzko eztabaida gisa alegia. Izan ere, hezkuntza komunitatearen gehiengo zabal batek bide berean lan eginda, LOMCE gelditzeaz gain gure hezkuntza eraikitzeko beharrezkoak diren oinarriak jartzeko aukera paregabea baitugu.

Batzarrak bi atal nagusi izango ditu, lehenengoan, LOMCE-k atal ezberdinetan ezarri nahi duena aztertzen saiatuko gara, eta bigarrenean, LOMCEk ekar ditzaken ondorioei aurre egiteko, eskura ditugun erantzun zehatzez eta hartu ditzakegun konpromisoez arituko gara lan taldeetan.

Batzar hau, hezkuntza komunitate osoari eta gaiarekiko interesa duen edozein herritarrei zuzendua dago, beraz guztiei parte-hartzeko dei zabala egiten diegu.

Lehen batzar honekin batera eta ikasturte amaiera arte, ikastetxe auzo eta herri ezberdinetan ehunka batzar egiteko asmoa dugu, bertan LOMCEren inguruko kezkak elkarbanatu, aurre egiteko estrategia eta baliabideak adostu eta gure hezkuntza sistema propioa eraikitzen joateko proposamenak eztabaidatu nahi ditugu.

Hau honela, ibilbide honen guztiaren emaitza jaso, ondorioak atera eta datorren ikasturtera begira LOMCEa gure ikastetxe eta herrietan ez aplikatzea eta gure hezkuntza sistema propioaren oinarriak sendotzea helburu duen estrategia eta baliabideen gida praktikoa osatu eta martxan jarri nahi dugu Hego Euskal Herri osoan. Horretarako hain zuzen ere, gida eztabaidatu, osatu eta abian jartzeko, Hego Euskal Herrirako jardunaldi irekia burutuko dugu maiatzaren 10ean Altsasun.

Bide honetan, babesa eman nahi diegu ikastetxe, auzo, herri eta eskualde ezberdinetan LOMCErik gabeko guneak sortu eta gure behar eta nahiei erantzuten dion hezkuntza garatzeko jada abian dauden ekimenei.

Guztion artean lor dezakegu!

Euskal Herrian Gure Hezkuntza Eraiki! LOMCEri ez!

Herritar oro animatzen dugu hauetan guztietan parte hartzera!

Iruñean, 2014ko martxoaren 11an

Iruzkin bat orain arte.

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa