Leioako Herri Unibertsitatea babesteko sinadura kanpaina:

Babes manifestu hau sinatzen dugunok herritik eta herriaren mesedetara lan egiten duen unibertsitate eredu baten alde gaude. Ikusten dugu, nola hezkuntzan orokorrean oso kaltegarriak diren erreforma batzuk (LOMCE, EU2015 unibertsitateko erreforma…), tasen igoerak, zerbitzuen pribatizazioak, ordezkapen ezak, aurrekontuaren jaitsierak, ikasleei dirulaguntzak kentzea, bekak ezabatzea… inposatzen ari dizkigutela; gutako gehiengoa horren kontra egon arren.

Asko dira jada aldatu beharrreko ezaugarriak, bai edukietan, irakasteko moduetan, ebaluatzeko moduetan, guretzako espazioetan, ikasleok erabakietan dugun pisuan, egin behar ditugun lanetan, klasera joateko derrigorrezkotasunean… eta arazo horiek gainditu beharrean gero eta egoera okerragora garamatzate.

Gainera, azpimarratu dezakegu hezkuntza, herria eta bere arazoetatik oso urrun dagoela, eta hori bi zentzutan gertatzen da: Alde batetik, ikaskuntza ez da herritarren egungo arazoen analisiak egitean oinarritzen, bakoitzak aukeratutako tresnen bidez (biologia, kimika, soziologia, hezkuntza, zuzenbidea…), eta ikuspegi batzuk modu interesatuan baztertu eta omititzen dira (kritikoak eta zapalduenak). Bestetik, sortzen ditugun lanak, proiektuak, praktikak eta abar ez daude praktikara eramatera bideratuak: ez daude herrietan inolako eraldaketarik eragitera bideratuak. Hezkuntza herriaren eraldaketara bideratzea ezinbestekoa da nahi dugun jendarte eredua eraikitzeko.

Hortaz gain ere, unibertsitatera gero eta jende gutxiagok du sartzeko aukera. Eta ondorioz, bertan pilatzen den jakintza gero eta gutxiagoren esku geratzen da. Hori dela eta, ezinbestekoa zaigu jakintzaren zabalpena eragiteko lan egitea, bai gure artean, zein unibertsitatetik kanpora begira ere. Gainera guk ikasleen arteko elkarlana eta ezagutza kolektiboki eraikitzea defendatzen dugu, ondoren hau denon eskura jarriz, hainbat fak ultateetan ikasleak apunte eta lanak kolektibizatzen hasi diren bezala.

Hori dela eta, ezin dugu itxaron norbait etorri eta defendatzen dugun hezkuntza eredua goitik ezarri arte. Gaurtik praktikara eramaten hasi behar gara, denboran eta espazioan luzatzen doazen esperientzia iraultzaileak sortuz. Horretarako MARTXOAREN 25 eta 26an, Leioako fakultate batean aldarrikatzen dugun unibertsitate eredua praktikara eramango dugu, ikasleok autogestionatutako klase alternatiboak emanez, herritik eta herriaren mesedetara.

Guzti honegatik, nik ere Leioako Herri Unibertsitatearen proiektua babesten dut

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa