Ukberri.net:UK1

IA Ikasle Abertzaleek Uribe Kostako hainbat heziguneetan deitutako geldialdiaren jarraipena gora eta behera, 60 ikasle inguruk egin dute eskualde mailako manifestazioa, gaur eguerdiko ordu batean, Algortan, Bizkaiko Ikasle Eztanda dinamikaren baitan. Mobilizazio horren bitartez, hilaren 27an egingo duten ikasle grebari indarra eman nahi diote. Bestalde, “eskualdeko ikasleok heziguneetan pairatzen ditugun inposaketa arrotzei aurre egin eta herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza sistema propioa aldarrikatu” nahi izan ditu Uribe Kostako IAk. Ikasle Abertzaleek urtarrilaren 29an iragarri zuten, Espainiako Gobernuak onartutako LOMCE hezkuntza erreforma eta 2015eko Unibertsitateko Estrategia baztertzeko urratsik ez bazuen sumatzen, “mobilizazio egoera iraunkorra” abiatuko zutela hezigune guztietan. Bada, otsailaren 25ean bete zen IAk EAEko eta Nafarroako Hezkuntza arduradunei emandako “ultimatum-ean” ezarritako epea eta mobilizazioei ekin zieten ikasle abertzaleek. “Etengabeko mobilizazioa” ezberdina izango da tokian toki. Ekintza saioa martxoaren 27rako deitutako grebarekin amaituko da. Horren bitartez, unibertsitatearen “merkantilizazioa” , Nafarroan D ereduarekiko “kriminalizazioa” eta LOMCE hezkuntza erreformaren ezarpena salatuko dituzte. Argazkian, gaurko ikasle mobilizazioa Algortan barrena.

Etiketak: Bizkaia, Ertainak

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa