martxa1Ohar honen bidez, Ikasle eta Abertzaleok publikoki adierazi nahi dugu larunbat honetan, martxoak 22, ez garela Madrileko duintasun martxara bertaratuko; edonola ere, gure elkartasuna adierazi nahi diogu bertan egituratuko den gazte blokeari.

Urria inguruan, SATek (Sindicato Andaluz de Trabajadores) deialdia luzatu zuen espainiar estatuko sindikatu soberanistekin bat egin eta gobernuari eskaera batzuk egiteko, eta denborarekin hainbat eragile sozial batu dira. Haien eskaeren artean honakoak agertzen dira: murrizketarik ez egitea, zorra ez ordaintzea, mundu guztiak elikagaiak, etxebizitza eta lana izatea, etab.

Euskal Herrian ere hainbat sindikatu eta eragile sozial batu dira mobilizazio hauetara. Ikasle Abertzaleoi dagokigunez, gune sozio-sindikaleko kide garen heinean, hasierako erabakia gu ere Madrilera bertaratzea izan zen.

Tamalez, nabarmentzekoa da martxa hauek denborarekin hartu duten izaera. Egoera hau beren interes propioetarako erabili dute batzuek; europar hauteskundeak heltzear daudela, Duintasunaren martxak kanpaina ezinhobea dira diskurtso ezkertiarra eta iritzi publikoa bereganatzeko. Gainera, martxetara atxikitu diren eragile askoren artean interes estatalistak defendatzen dituztenak ere badaude, eta hortaz nazio zapalduen izaera ukatzen dutenak.

Hori horrela, guneak deialdia bertan behera uztea erabaki du, eta hori dela eta, uste dugu ez daukala zentzurik gure presentzia bermatzeak martxetan. Hala ere, gure babesik beroena eskaini nahi diogu larunbatean eratuko den gazte blokeari, erregimen faxista eta neoliberalari hortzak erakusteaz gain, herri zapalduon izaera onartzen duen zutabeetako bat izango delako.

Ikasle Abertzaleak, 2014ko martxoan

Castillako gure bidelaguna den Yescaren bideo deialdia:

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa