Hortzak erakutsi ditu ikasleriak. Konkretuki, 20.000 ikasle baino gehiago kalera atera dira, beste behin ere irakasle bihurtuz. Greba eguna ez da egun isolatua izan. Ikasleok mobilizazio egoera iraunkorra abiatu genuenetik ikastetxe eta fakultate bakoitzeko borrokak saretzen aritu gara; gero eta argiago utziz LOMCE, EU2015 eta Heziberri2020 ez ditugula gure heziguneetan aplikatzen utziko. Eta egungo hezkuntza eredua bera irauli eta herritik eta herriarentzakoa dena eraikiko dugula, inori itxaron gabe.

Eta orain zer?

Olatu handi hau pasata are handiagoa eta indonostiaghggdartsuagoa izango den hurrengoa prestatzeko garaia da. Batetik, inguratzen gaituen jendartea eta hezkuntza sakonki ezagutu behar dira hau benetan errotik irauli nahi badugu. Horretarako, formakuntza jardunaldiak, tailerrak eta asanbladak burutzea beharrezkoa da.  Besteak beste, ikastetxe eta fakultateetan alternatibak praktikara eramateko liburuxka eta esperientziak landuz (eduki propioak, euskalduntzea, pedagogia askatzailea…). Bereziki nabarmenduz, apirilaren 12an Bizkaian eginen diren  #Sustraiak jardunaldiak.

Bestetik, LOMCE aplikatzea halabeharrezkoa dela diote Iribas eta Uriartek. Ordea, Euskal Herriko hezkuntza komunitateak argi dugu. Ez dugu aplikatzen utziko. Horretarako, ikastetxeek desobedientzia praktikan nola jarriko dugun adosteko, Desobedientzia Gidaren zirriborroa garatzen ari gara. Bide honetan, jendarte osoa animatzen dugu maiatzaren 10ean Altsasun burutuko diren jardunaldietara etortzeko, LOMCEri desobedientzia nola egin guztion artean adosteko.

Azkenik, kontuan hartu behar dugu lanen aurkezte eta azterketen garaia datorrela. Honen bidez ikasleen arteko lehia, indibidualismoa, presioa, eta bereziki sailkapena gauzatzen da. Guk, jakintza denona eta denontzat izan behar dela defendatzen dugu. Hori dela eta, jakintzaren kolektibizazioa gauzatuko dugu. Ikasleek sortutako lanak eta apunteak elkarbanatu, elkarri lagundu eta bereziki hor metatutako jakintza edonoren eskura jarriko dugu, arazo honi aurre egiteko borroka eredu berri bat sortuz. Horrela, indibidualki aurre egin beharrean kolektiboki jardungo dugu, ikasleei haien arteko sailkapenari aurre egiteko tresna bat eskainiz eta edukien inguruan hausnartu eta kritiko bihurtuz.

Hiru ildo hauen bidez (formakuntza, antolakuntza eta tresnen sorrera) datorren olatua prestatuko dugu. 2014/2015 ikasturtea desobedientziaz eraikitzeko eta proiektuen konfrontaziorako urtea izango da, ez gaudelako prest oraina iraultzeari uko egiteko.

Eta argi izan dezatela. Ez diegu inposatu nahi dizkiguten erreforma bakar bat ere aplikatzen utziko. Borroka hau amaierara arte eramateko prest gaude. Herriaren mesedetara dagoen hezkuntza eraikitzen hasten ez badira ikasleok subjektu bezala kontuan hartuta, hemendik bi urtera erreforma hauek ezarri nahiko dituztenean greba mugagabea egiteko prest gaude.

Ikasle Abertzaleak, 2014ko apirilaren 2an

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa