Nafarroako Ikasle Abertzaleak-en oharra:

Ikasleon hitza aintzat har dezazuen.

Gaur egun, ikaslea objektutzat jotzen da hezkuntzan eta ez subjektutzat. Merkatu askea darabilen sistema ekonomikoaren mesedetara dagoen hezkuntzan murgildurik gaude. Honek, noski, euskal kultura, hizkuntza eta ikasleak gailentzen ditu, guri ez dagokigun espainiar kultura eta hizkuntza goretsiz eta beraz, ikasle espainol, akritiko eta mekanizatuak  hezten saiatuz.

kartel_m31_sareaDatozen urteetan, Hego Euskal Herrian inposatuko diren LOMCE, Heziberri eta EU2015 erreformekin, are latzagoa suertatuko da gure hezkuntza. Hiru esparru ezberdinetan pairatuko dugu euskal ikasleok erreforma hauen estrategia: Nazio zapalkuntza, klase zapalkuntza eta sexu zapalkuntza (noski, hauek birproduzitzera behartzen gaituztelarik).

Nazio zapalkuntzan, euskal kultura eta hizkuntza baztertze bidean eduki espainolek hartuko dute nagusitasuna. Euskarak orain arte, heziguneetan zeukan papera bigarren plano batean utziko da, urte askotako euskalduntze prozesua etenez.

Hezkuntzan parte hartzea, diruak baldintzatuko du. Kasu askotan ikasleari bere maila ekonomikoa dela eta, sarrera ukatzen diolarik. Hortaz gain, kapitalismoaren baloreak landuko dira ikastetxeetan eta etorkizuneko ugazabak edo langileak sailkatuko dira. Bestetik, ikasle akritikoak bihurtze bidean, ideologia ezkertiar eta iraultzailea  gaitzetsiko da.

Genero zapalkuntzari dagokionez, sistema patriarkalaren menpe eta era berean honekin uztarturik  egonen den hezkuntza sustatuko da. Modu honetan, gizona familietan nagusi izanen da eta emakumeek hezkuntzan parte hartzeko zailtasun handiagoak izanen dituzte, batez ere, baliabide gutxien dituzten familietan.

Ondorioz, espainiar gobernuak, aurrera pausuak eman beharrean antzinako hezkuntza sistema ezarri nahi du. Hala ere, ikasleok badugu alternatiba. Erreforma sexista, zentralizatzaile eta kontserbadore honen aurrean, Ikasle Abertzaleok intsumisioaz, desobedientziaz eta edozein baliabideren bitartez, E.H.n gure hezkuntza eredu propioa eraikitzeari ekinen diogu.

Aurreko martxoaren 27a egitasmo handi honen hasiera besterik ez zen izan. 20.000 ikasle baino gehiago Euskal Herriko kaleetara atera eta “erreformei EZ!” oihukatu genuen. Halere, Espainiar delegaritzak eta Polizia Nazionalak, greba eguneko, aurreko osteguneko eta izandako atxiloketak bide, benetako ekimena estali eta ikasle mugimendua kriminalizatu nahi izan du.

Bestetik, Iribas zein Uriarteri gogorazten diegu oraindik erantzunik eman ez dutela eta ondorioz, ikasleok mobilizazio iraunkorreko egoeran jarraitzen dugula. Honen guztiarengatik eta orain aipatutako dinamika honen baitan, datorren maiatzaren 31n 18:00etan Antonniuttin eginen den manifestaldian parte hartzera eta edozein hezkuntza kolektibo edo sozialari atxikitzera deitzen diogu. Bukatzeko, ekimen hau, datorren  urtean aplikatzen hasiko den LOMCE legeari intsumisio gisa eginen den aurrekaritzat ulertzen dugu.

Gora Euskal Herriko ikasleria!

Jo ta ke!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa