Gaur, maiatzak 15, 66 urte betetzen dira Israelek Al-Nakba edo “hondamendiaren eguna” egin zuenetik. Hori kontuan hartuta, egun aproposa iruditu zaigu gaurkoan egitea prentsaurrekoa, publikoki adierazteko Euskal Herriko ikasleok Israeli boikota egiteko hautua egin dugula.

               Nazionala Gasteiz 1948az geroztik, estatu sionistak palestinarren aurka egundoko sarraskia burutu du, eta haien eskubideak etengabe urratzeaz gain, ez du inolako prestutasunik erakutsi gatazka konpontzeko. Palestinako herrian okupazio militarra mantentzen du oraindik, eta gainera bertako baliabide naturalak ustiatzen ditu bere interes propioen alde.

                Hainbat erakundek salatzen dituzte eskubide urraketa horiek, baina Israelek nahi duena egiten jarrai dezake, nazioarte mailan babesa ematen dioten herrialde, enpresa edota erakundeak dituelako lagun. Euskal Herrian ditugun unibertsitateak ere estatu sionistari laguntzen dioten horietarikoak dira. Adibidez, EHU Israelgo Ahava enpresarekin elkarlanean aritu da ikerketa proiektu batean; enpresa horrek Zisjordaniako lurralde palestinar okupatuan ekoizten ditu bere produktuak, eta horrenbestez Israelek berak sinatu dituen hainbat arau urratzen ditu: hala nola giza eskubideen nazioarteko zuzenbidearenak, eta nazioarteko zuzenbide humanitariokoak.

                Egoerari irtenbide bat aurkitu nahian, duela bederatzi urte Palestinan BDS mugimendua sortu zen, Israeli boikota, desinbertsioak eta zigorrak nazioartean aplikatzeko eskatuz. Hori kontuan hartuta, eta Euskal Herriko egoera ikusita, euskal ikasleok erabaki dugu unea iritsi dela gure unibertsitateetan aldaketa bat eman, eta estatu sionistarekin harremanak mozteko. Argi utzi nahi dugu ez dugula palestinarrak zapaltzen dituen inongo erakunderekin lan egin nahi, ezta hori egiten duen unibertsitate batean ikasi ere. Eta bada garaia ikasleon ahotsari jaramon egiteko!

                Hori horrela, unibertsitateko instituzioetaz baliatuko gara gure helburuak aurrera eramateko. Lehenengo pausu modura, ikasleon arteko adostasuna erakutsi dugu zenbait ikasle kontseilutan BDS kanpainari atxikitzeko mozioa sinatuta. Kontseiluetaz gain, EHUko campusetako ikasle talde batzuek ere erakutsi dute haien adostasuna.

                Honako ikasle-talde zein kontseiluek sinatu dugu mozioa:

  • Bilboko campusetik: Ekonomia eta enpresa zientzien fakultatea.
  • Gasteizko campusetik: Farmazia, IVEF, Gizarte Langintza eta Letren fakultateak. Horiez gain, Naturarekin bat eta Letrak euskaraz ikasle-taldeak.
  • Ibaetako campusetik: Arkitektura eskola.
  • Leioako campusetik: Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatea, eta Irakasle eskola.

                Horrenbestez, erronka txiki hau irabazi dugu bai, baina argi daukagu oraindik lan asko daukagula egiteko. Beraz, gainontzeko ikasle talde zein kontseiluak animatzen ditugu haiek ere mozioa sinatzera, eta Euskal Herriko unibertsitate guztiei dei egiten diegu, gure ahotsa entzun dezaten eta estatu sionistarekin harremanak moztu ditzaten, honek palestinarren eskubideak bermatzen ez dituen artean.

Gora ikasleon borroka internazionalista!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa