Ekin Euskal Eskola Nazionalari!Heldu da berriz ere ikasleon etorkizuna jokoan jartzen duen azterketa: SELEKTIBITATEA. Urtez urte oihukatzen dugu azterketa basati honen kontra gaudela, eta urtez urte arrazoiak gehituz besterik ez doaz. Ikasle eta abertzaleok, selektibitatea, baxoa, edota modu honetako ebaluazio sistemak gogor arbuiatzen ditugu.

3 egunetan, batxilergoan “ikasitakoa” paper gainean adierazi behar dugu ikasleok. Urtez urte jasotako edukiaren gainean, galdera gutxi batzuk baino ez norbere “jakinduriari” zenbakizko nota bat jartzeko. Ordu gutxi batzutan izugarrizko presiopean norbere memorizazioa baino ez da kontuan hartuko.

Hori gutxi balitz, urtez urte tentsio jasangaitza areagotuz jardutera behartu gaituzte ikasleoi. 18 urtean landutakoari eta 3 egunetan buruturiko azterketa honi balore berdintsua emanik, ikasleon bizi espektatibak mugatuko dituzte. Eta bertan ateratako zenbaki hutsak (notak) determinatuko du etorkizunean izango garena.

Hezkuntza herriaren beharretatik urrun kokatuz, pertsonen garapena albo batera utziz, ikasleek bizitzarako ikastea baztertuz; emaitz hutsa da ebaluatu nahi dutena. Honekin ikasle robotizatu, akritiko eta sumisoak sortzea beste helbururik ez dute.

Gainera, egungo sistema kapitalista eta patriarkarrak biziraun dezan inposatzen dizkiguten edukiak dira kontutan hartzen direnak. Sistemaren beharretara egokitutako froga da hau. Euskal ikasleoi, ez dagokigun curriculum arrotz bat inposatu, berau gure hezkuntza zikloan zehar barneratzeko agindu, eta unibertsitaterako sarrera azterketan horren gaineko “testa” egitera kondenatzen gaituzte. Pertsona gisa beharrezko gaitasunak garatzea albo batera utziz (kritikotasuna, elkartasuna…), gure herriko historia arbuiatuz, bestelako jendarte eredu aske bat eraikitzeko beharrezko ildoak ezeztatuz… Curriculum arrotzetan oinarrituriko ebaluazio sistemak sustatuz. Zentzurik ba al dauka Andaluzian, Galizian, Herrialde kantalanetan eta Euskal Herrian esaterako azterketa berdina gainditu behar izatea unibertsitatera joateko? Eta azterketa zeharo ezberdinak gainditu behar izateak Lapurdin eta Gipuzkoan?

Modu honetan, aurtengoa azkenengoa bada ere, hurrengoak ez dira hobeak. Bidegabekeria eta inposaketa honen jarraipen argiak dira LOMCE legeak masifikatuta eta zabalduta ekarriko dizkigun errebalida guzti horiek.

Horren aurrean, selektibitateari eta ildo berean aplikaturiko ebaluazio sistema hauei ezetz diegu indartsu! Curriculum arrotzen inposaketa basatiaren adibide baino ez dira, ikasleon eskubideak automatikoki urratzen dituen hezkuntza sistema baten isla argia.

Guk honen aurrean, ordea, azterketa basatiak albo batera utzi nahi ditugu, euskal ikasle eta herritar gisa geroa marrazteari ekinez, geureak diren jakintza eta gaitasunak lortuz. Ikasle borrokaz lortuko dugu.

Egungoa deuseztatuz geroa marraztuko dugu!

Ekin geroa marrazteari, ekin Euskal Eskola Nazionalari!

Ikasle Abertzaleak, 2014ko maiatzaren 21ean

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa