Berriz ere ikasturte berri bati heltzeko garaia heldu zaigu, oporraldi luze baten ondoren guztiz indarrez eraberrituak. Urtero bezala, hezkuntza sistema arrotz baten inposizio eta doktrinamendua jasotzeko prest nahi gaituzte, sistema kapitalista-patriarkalaren etorkizuneko biziraupena mantentzeko. Urteetako borrokaren garaipenak eta esperientziak anitzak izan arren, oraindik Euskal Herriak nazio eta herri gisa zapaldua izaten jarraitzen du, genero sistema hetero-patriarkalaren baloreetan oinarritutako ikaskuntzak inposatzen dizkigute eta elite ekonomikoen biziraupenerako eredu kapitalistaren lan harreman ereduetan sakontzen ari dira hezkuntza sistema ardatz gisa kokatuz.

Aurkezpenak 14'-15'_txikiAurtengo ikasturtean hezkuntza sistema osoaren merkantilizazio eta elitizazioan sakonduko duten bi erreformen aurrean topatzen gara, LOMCE eta “Estrategia Universitaria 2015”. Ofentsiba kapitalista honi aurre egiteko inoiz baino garrantzitsuagoa da ikasleria antolatzea, ahalduntzea eta borrokarako prest egotea. Hain zuzen ere hau izango da Ikasle ta Abertzaleon ikasturteko zeregin nagusia.

Ez dugu ahaztu behar ez garela hezkuntza eredu propioaren eraikuntzan lanean dagoen eragile bakarra, ezta pasa den ikasturtean hezkuntza komunitatearekin lagungarriak izan daitezkeen eta jarraipena izango duten dinamika ezberdinak garatu genituela ere. Adibiderik garbienak dira LOMCE desobeditzeko eta Euskal Herrian hezkuntza propioa eraikitzeko Gure Gidaren sorrera; edota herrietako Hezkuntza Mahai edo Plataformaz osaturiko Hezkuntza Plataformen Topagunearen sorrera.

Beraz aurtengo ikasturtean inflexio puntu garrantzitsu baten aurrean topa gaitezke, non hezkuntza eredu propioaren aldeko borrokan loraldi berri baten aurrekariak sor ditzakegun. Horretarako erresistentzia fase batetik eraikuntzarako norabidean kokatzea beharrezkoa da, orain arte eramandako konfrontazio parametroak guztiz aldatuz. Hau da, erantzun planoan egindako mobilizazio lokal zein nazionalez eta lan diskurtsiboaz haratago, eragiteko eta baldintzatzeko gaitasun handien daukagun eremuan lan egingo dugu: heziguneetan.

Orain arte hezkuntza sailburu edo arduradun politikoen kontra jo dugu, gure zanpaketa salatu eta aldarrikapenak helarazteko. Baina ezin dugu ahaztu hezkuntza sistema honen inposizioak praktikoki aplikatzen dituzten arduradunak gure heziguneetan daudela. Ondorioz, hezkuntza sistemari aurre egiteko eta alternatiben eraikuntzari bide emateko eremurik eraginkorrena heziguneak dira.

Ezin dugu ahaztu Euskal Herriak zanpatua eta ukatua izaten jarraitzen duen bitartean, Euskal Eskola Nazionala ezingo dela guztiz bere osotasunean garatu. Beraz modu iraunkorrean landuko ez dugun ildoa izango den arren, ikasleon inplikazio politikoa ezinbestekoa izango da etorkizuneko Euskal Herriaren askapen prozesu nazional zein sozialean.

Beraz ikasle iraultzaileontzat aurtengo zeregin eta erronka nagusia erresistentzia parametroetatik eraikuntzarako konfrontazio ibilbideari irekiera ematea izango da, desobedientzia eta intsumisioa ezinbesteko tresna bilakatuz. Klasez klase, hezigunez hezigune, ikasleok aztertuz, astinduz eta sortuz, Euskal Eskola Nazionala eraiki dezagun!

Ikasle Abertzaleak, 2014ko irailaren 8an

Kartela kalitate onean jaisteko:

Aurkezpenak 14'-15'_kartela_txuri-beltzean

Aurkezpenak 14'-15'

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa