SEPCrekin elkartasunaAzpimarratzekoa da Katalan Herrietako lurralde batean soilik burutu nahi dela kontsulta; Valentzia eta Balear uharteak albo batera utzita, Kataluniako Printzerriari soilik eman nahi zaio erabakitzeko aukera. Horrez gain, esan behar dugu ez dela, besterik gabe, tramite politiko huts bat; milioika katalanek duten desira eta aspirazioak gauzatzea da. Azken hilabeteotan ikusi ahal izan dugu nola mobilizatu den kataluniako herria bere erabakitzeko eskubidea lortzeko, eta esan daiteke Printzerriaren historiako pausurik sendoena izan dela Estatu Espainiarrarekin haustura demokratikoa egitearen alde.

Ez da zilegi Espainiako eliteek, konstituzioa aitzaki hartuta, herri baten erabakitzeko eskubidearen aurrean besterik gabe ezikusiarena egitea. Kataluniako herriak atzera bueltarik ez duen bidea hartu du, eta beraz, kontsulta egitea saihestezina izango da, lege espainiarrak baimendu ala ez. Baina argi dago Espainiaren legalitatearen barruan ezinezkoa dela herri batek bere etorkizuna erabakitzea; hortaz, Kataluniako gizartea izan beharko da prozesu honetako protagonista eta epaile zilegi bakarra.

Gainera, Kataluniako autoritateek debekuari men egingo baliote, berriro ere herritaren aspirazio politiko eta demokratikoei uko egingo liekete, eta horrela katalanek beren etorkizuna diseinatzeko aukera galduko lukete. Horren aurrean, ez da aukera askorik gelditzen: desobedientzia zibilaren bitartez soilik bermatu ahalko dira herritarron eskubide demokratikoak.

Hori dela eta, herritarrak izango dira ontziak bozkaz betetzeko berme bakarra datorren azaroaren 9an. Eta mugimendu horren baitan kokatzen dugunez ikasle mugimendua ere, kontziente gara paper garrantzitsua jokatzen duela prozesu demokratiko honetan. Horrenbestez, gure elkartasunik beroena luzatu nahi diogu Ikasle Abertzaleok SEPCri (Sindicat d’Estudiants dels Països Catalans) datozen asteotan burutuko dituzten mobilizazioetan. Adibidez, urriaren 7 eta 8an ikasgelak hustu eta greba egingo dute, gizarteari argi uzteko ikasleok ere badugula zeresana herriaren etorkizunari dagokionean.

Gora Katalan Herrietako ikasle mugimendua!

 Ikasle Abertzaleak 2014ko urriaren 2an

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa