katalunia

Espainiar Estatuko gobernuak eskatuta, Tribunal Konstituziogileak Kataluniako kontsulten legea suspenditu zuen. Horrela, lehen pausoa eman zuten Herri Katalanen gehiengoak exijitutako independentziaren inguruko herri galdeketa debekatzeko. Oker dabiltza herri oso baten borondatea auzitegi batek geldituko duela pentsatzen badute.

Espainiar Estatuak, gutxiengo bat den elite baten mesedetara dagoen egitura juridiko bezala, behin eta berriz adierazten du bere izaera antidemokratikoa. Herrialde Katalanetako Kataluniako herritarrek argi adierazi dute aurtengo Diadan zein den euren borondatea: 1,8 miloi pertsonatik gora atera dira Bartzelonako kaleetara erabakitzeko eskubidea gauzatzearen alde.

1978ko trantsizio faltsuaren bidez sinestarazi nahi izan ziguten demokrazia ezarri zela. Ordea, denborak erakutsi digu ez dela ezer aldatu herrien kartzela den estatu espainol, kapitalista, patriarkal eta inperialistan.

Estatuarekiko aldebakarreko haustura ematen ez den bitartean Herrialde Katalanetan, Euskal Herrian, Kastillan, Galizian, Andaluzian eta gainontzeko herri zapalduetan ere, ez dugu behin betiko askatasunik lortuko. Euskal Herri langileak ez du inolako askapen nazional zein sozialik lortuko estatu inperialista baten menpe egonda. Horregatik, genero, klase eta nazio askapena helburu dugun mugimendu bezala, haustura hau gauzatzen ari diren herritar katalanak babestu behar ditugu.

Inposaketa eta debekuen aurrean ikasle katalanek desobedientziaren bidea hautatu dute, horretan ezker independentistak eta herri mugimenduak ezinbesteko papera jokatuz. Animo bereziak askatasunaren bidean SEPC ikasle antolakundeari!

Guk ere, Euskal Herritik, gure bidea marrazteari ekin behar diogu gure herria askatzearen bidean. Eta ikasleok, konkretuki, hezkuntzatik eraikiko dugu euskal herria independente, sozialista eta feministaren bidea. Sinbolikoki bada ere, IAko delegazio bat Bartzelonara joango da 9Nko galdeketaren asteburuan, desobedientziari elkartasuna adieraziz.

Hamaika herri, borroka bakarra!

Desobedientziaz hezkuntza herritik eta #herrientzat!

Ikasle Abertzaleak, 2014ko azaroaren 5ean

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa