Leioako IA, Zuzenbide eta Medikuntzako asanblada, Leioatik! eta ZTK euskara taldearen irakurketa:

15749222016_8193a08bb6_kEgun on danoi. Ezeren aurretik galdetu zuen buruari: zenbat ikasgai ematen dituzue erderaz? Euskaraz izan beharko liratezken zenbat klase jasotzen dituzue gaztelera hutsean? Zenbat ikasgaitan jasotzen dituzue apunte edo irakurgai guztiak erderaz? Zenbatetan sentitu zarete derrigortuta gazteleraz ikastera? Zenbat aldiz gertatu zaizue ezin izan duzuela unibertsitatean bertan egun oso batean euskaraz bizi? Zuetako baten bati oraindik halakorik gertatu ez baldin bazaio, ezer egiten ez baldin badugu behintzat, laster izango dugu denok antzeko arazorik.

Ez pentsa egoera hori isolatua denik. Izan ere, EHUko karrera asko eta asko ezin dira bere osotasunean euskaraz ikasi. Eta “Euskal Herriko Unibertsitatean” ez bada, non izango ote dugu aukera kalitatezko hezkuntza publiko eta euskalduna jasotzeko? EHU-k ez al luke ba, euskararen aldeko apustu tinko eta sendoagoa egin beharko? Euskal Herri euskaldun bat nahi dugunok, euskara gure nortasunaren adierazlea dela pentsatzen dugunok, nola lortuko dugu gure hizkuntza normalizatzea, egunero klasera joan eta gaztelaniaz hitz egitera behartuak baldin bagaude? Nola biziko gara euskaraz, unibertsitatean bertan gure arteko bere erabilera elkarrekin sustatzen ez baldin badugu?

Euskaraz ikasteko ezintasunaz hitz egitean, ez gara pribilegio batez ari. Denbora pasa arren, oraindik ere euskal jendarteari ukatzen zaion oinarrizko eskubideaz baizik.

Dirudienez, EHUko agintariei ez die egoera honek axola. Izan ere, euskalduntzearen gero eta helburu baxuagoak ezartzen dituzte; eta guk eskubide hau berma dezaten eskatzean gor plantak egiten dituzte. EHUko 15749196656_a3d45364cf_oerrektoretzak, fakultate bakoitzeko dekanotza edo zuzendaritzek, eta sail akademiko askok ere, ez dute inolako ahalegin berezirik erakurtsi irakasle elebidunen kontratazioa edo euskarazko materiala bermatzeko. Kontrakoa esango genuke, euskara eta euskal herritarrak ardatz izango dituen hezkuntza bultzatu beharrean, oztopoak baino ez ditu jartzen ikasleon edozein proposamenen aurrean. Espainiar estatuak hezkuntza kontrol tresna bihurtu nahi du. Homogeneizatu, globalizatu, merkaturako tresna bihurtu… Wert-ek oso ondo esan bezala “ikasleak españolizatzeko” tresna bezala ulertzen dute hezkuntza gobernu zentralean. LOMCE eta EU2015 bezalako erreforma atzerakoiei erreparatzerik besterik ez dago.

Honen aurrean ekintza sinboliko edota helburu apaletara mugatzen dira bai Jaurlaritza baita EHU ere. Horregatik, euskarak bere tokia unibertsitatean berreskuratzea gure esku dagoen zerbait da.

Gaur hemen, euskaraz ikasi eta bizitzearen eskubidea aldarrikatzeko bildu gara. Baita fakultate ezberdinetako euskararen egoerak eta bere erabilpena handitzeko proiektuak partekatzeko ere. Baina bereziki, unibertsitatean euskaraz bizi eta ikastea nahi bat izatetik, errealitate bihurtzeko elkarlanari ekin diogu gaur ikasleok.

15587509118_9c956c57c9_oEgoera hau aldatu nahi dugun asanblada, antolakunde, proiektu, eta euskara taldeok epe labur zein luzeari begirako lanketari ekiten diogu gaur. Euskaraz ikasi eta bizi nahi dugun ikasleok saretzea ezinbestekoa da egoera aldatzeko. Haiek dira gure egoeraren erantzuleak, baina gurea da honekin bukatzeko erantzukizuna. Ez bazara denok gure eskubideen alde mugitzen, argi eduki inork ez duela gugatik egingo. Galtzeko bakarrak kateak dira.

Hemen gauden guztiok zer edo zer dugu komunean: euskara da euskaldun egiten gaituena. Euskarak batzen gaitu, bat egiten gaitu. Bada ordua euskaragatik batu gaitezen. Bada garaia euskaragatik borrokatu dezagun, aske egingo gaituen gure territorio libre bakar horrengatik.

Hezkuntza herritik eta herriarentzat! Gora ikasleon borroka! Gora hezkuntza euskalduna!

Azkenik, gaur hemen parte hartu duzuen ikasleok, eta euskararen alde lan egin nahi duzuenok, fakultate bakoitzean sortutako dinamika eta proiektuetan parte hartzera gonbidatu nahi zaituztegu, elkarrekin euskararen aldeko sarea sortzera. Horretarako, hemen atzean zuen helbide elektronikoak jartzeko zerrenda batzuk prestatu ditugu. Beraz, egingo dugunaren inguruan informatuak egon edo aurreragoko dinamiketan parte hartu nahi izanez gero, bertan zuen datuak idaztera gonbidatu nahi zaituztegu.

Milesker etortzeagatik, eta elkarrekin lortuko dugu!

Leioako Campusan, 2014ko azaroan

Informazio guztia eta eskakizunak fakultateka TOPATU.INFO-n

Leioatik!-en argazki galeria

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa