Bizikleta

Iruñerriko Ikasle Abertzaleak errepresioaren inguruan:

2013-2014 ikasturtean nabarmendu zen ikasle mugimendua, gaitasuna duelako euskal ikasleria osoa borrokara eramateko. Egindako mobilizazio guztietan ikasleok disidentziaren lehen lerroan jarri ginen, espainiar estatuak inposatutako hezkuntza erreformen aurrean, LOMCE eta EU2015 konkretuki; “Euskal Herrian hezkuntza herritik eta herriarentzat” lelopean eta Euskal Eskola Nazionalaren aldarria eginez milaka lagun biltzea lortu genuen.

Horren ondorioz, euskal eta espainiar burgesia haren errepresioaz baliatu da ikasle mugimendua eta zehazki Ikasle Abertzaleak antolakundearen borroka geldiarazten saiatzeko. Testuinguru honetan kokatzen ditugu ikasle greba orokorrean egon ziren 24 atxilotuak, txirrindula martxa batean jasotako 40 isun neurrigabeak eta ehundaka identifikazioak.

Iruñerrian errepresioaren aurkako kanpaina martxan jarri genuen, txirrindula martxako isunak errekurrituz eta ikasleon aurkako errepresioaren kontrako diskurtso politikoa garatuz; inflexio puntua, urriaren 23an Nafarroa Garaiko parlamentuaren aurrean egindako prentsaurrekoa izan zen. Espainiar estatu faxista gure oharraz jakinarazi genuen honakoan.

Berriz ere, ikasleria borrokan nabarmendu da, oraingoan errepresioaren aurkako ekimenetan. Nafar erregimen faxistaren erasoa garaitzea lortu dugu; gure antolakuntzaz, gure konpromisoaz eta gure borrokaz. Jasotako isunen kasua artxibatzea eta honela errepresioa geldiarazteko bidean urrats txiki bat lortu dugu. Erasoak ETEN egin ditugu! Horrela, antolakuntzaz, ilusioz eta borrokaz garaitu dezakegula ohartu gara.

Gaurkoan esan dezakegu ikasleriak erein dituen borroka haziak fruitu bilakatu egin direla.

Lehenik eta behin gure alde egon diren pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu; zehazki kasua eraman duten abokatuei, borrokatu duten ikasle guztiei eta ekarpen ekonomikoa egin duten guztiei.

Hala ere, kontua ez da hemen bukatzen. Martxoaren 27ko ikasle grebaren testuinguruan egindako atxiloketek, mehatxuek eta indentifikazioek ondorio ekonomiko, zein penalak ekar ditzakete eta ezin gara garaipen txiki honekin lasaitu. Iruñerriko eta Euskal Herriko ikasleriari eta oro har, jendarteari dei egiten diogu errepresio honen aurka egitera, Erregimenak ez duelako haien interesak kolokan jartzeko prest dagoen jendea bere ideiengatik edo aldarriengatik zigortzeko eskubiderik.

Garaipen honek, bestalde, aurrera egiteko indarra ematen digu. Bai errepresioaren aurka eta baita errepresio horren jomuga den proiektuaren alde lanean tinko jarraitzeko. Izan ere, LOMCE, LOE, EU2015, Bologna edo bestelako eredu inposatu, merkantilista, españolista, sexista eta elitista oro baztertu eta gure beharretara egokituko den hezkuntza eredu propioa eraikitzeko erabakia irmoa da eta ez dugu amore emateko asmorik.

Erregimena bere amaieran dagoen arren, orainaren jabe dira, hala ere etorkizuna gurea da. Errepresioa ETEN egin dugun legez, LOMCE eta EU 2015 ETEN egingo ditugu! Euskal Eskola Nazionala eraikiko dugu!

Militante zahar hark ongi esan zuen bezala, ikara daitezela klase menderatzaileak ikasleon iraultzaren aurrean. Ikasleok ez dugu galtzeko ezer gure kateak izan ezik. Mundu bat dugu irabazteko!

GORA IKASLE BORROKA! GORA EUSKAL HERRIA SOZIALISTA ETA FEMINISTA!

Jo ta ke Euskal Eskola Nazionala lortu arte!

ETEN, Iruñerriko Ikasle Abertzaleaken talde anti-errepresiboa

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa