Twitterren jarraitzeko: @agur_erregimena

Aurkezpeneko irakurketa:

Nafarroako eremu ezberdinetako gazteak gara. ‘Nafarroa, Estatu auzia’ esaldia entzunez hazi gara, eta esaldi horren esanahia ulertu eta pairatzera iritsi gara. Gure lurraldeak bere kabuz erabaki dezan sahiesteko edozer egiteko prest dagoen Erregimena ezagutu dugu, Nafarroa estatuaren zerbitzura jarriz; are gehiago, beste inon ematen ez diren aliantzak ikusi ditugu (UPN eta PSNren artekoa, agerikoena), Nafarroan aldaketa eman ez dadin eta betikoek bere pribilegioei eutsi diezaioten. Memoria dugunetik, gainera, ez dugu bestelako egoerarik ezagutu Nafarroan. Eta nazkatu gara.

Egoera hori ziurtatzen duten sektoreak dira Erregimena deitzen dugun hori osatzen dutenak: UPN, PSN, PP, Opus Dei, botere ekonomikoak, UGT eta CCOO sindikatuak, Diario de Navarra, Nafarroako Unibertsitatea…Horiek guztiek boterean gotortzeko eta balizko aldaketa boikoteatzeko era guztietako saiakerak egin dituzte behin eta berriz. Urte luzeetan, haien eskubide murrizketa eta eraso ugariak pairatu behar izan ditugu. Gastu soziala murriztu dute, euskara eta euskal identitatea behin eta berriro erasotu dute, gazteon kontrako errepresioa abiatu dute, Euskal Jai bezalako proiektu autogestionatuak suntsitu dituzte, ideologia atzerakoia zabaldu digute eta ingurugiroa kaltetu dute, Itoiz edo AHTa bezalako proiektuen bitartez. Azken urteetako ustelkeria kasuek, gainera, Erregimenaren benetako aurpegia erakutsi dute: egoera soziala larriagotu duten bitartean, batzuk poltsikoak betetzen jarraitu dute.

Gure jendarteak bizi duen egora larriaren baitan, gazteok egoera bereziki prekarioa bizi dugu. Erregimenaren politika neoliberalek gure etorkizuna hipotekatu dute. Langabezira kondenatu gaituzte; unibertsitateko tasa garestiagoak ordaintzera behartu gaituzte, eta hezkuntzako murrizketak gure azalean bizi ditugu. Gure bizitza autogestionatzeko aukerak itxi dizkigute. Zonifikazioaren ondorioz euskaraz bizitzeko ezintasuna pairatzen dugu, eta abortua publikoki gauzatu ahal izateko trabak jarri dizkigute. Horren guztiaren kontra protesta egin dugunean, gainera, errepresioaren helburu erraza bilakatu gara. Eta hala ere, ez dugu geldirik geratzeko asmorik.

erregimena_kanpora_nafarroa_aurkezpena_1Aldaketa ahoz aho bolo-bolo dabil, baina badakigu Erregimenak edozer egingo duela boterea mantentzeko. Argi esan nahi dugu ez dugula aldaketa saihesteko inolako trikimailurik onartuko. Horrekin batera, jakin badakigu, aldaketa ez dela bere kabuz bakarrik etorriko. Herritarron ardura da Nafarroari hainbeste kalte ekarri dion erregimena biluztu eta alternatibak eraikitzea. Eta gazteok protagonista eta aitzindari izan behar gara horretan, eta izan nahi dugu. Horretara dator gaur aurkeztera gatozen Erregimena kanpora! dinamika. Ernai eta Ikasle Abertzaleak antolakundeen ekimenez, Nafarroako gazteria gure lurraldeak bizi duen une honetan eragile aktibo izatea lortu nahi dugu. Egoera krudel honetara ekarri gaituzten Erregimenaren politikei aurre egin nahi diegu, beti ere, bestelako Nafarroa eraikitzeko helburuz. Justizia soziala oinarri izango duen Nafarroa, bere herritarron erabakitze eskubidea defendatuko duena, Nafarroa euskalduna, parekidea, ingurugiroa zaindu eta zainduaraziko duena… Hori da gure proiektua, eta hori lortzera goaz.

Gaur aurkezten dugun dinamika hau herriz herri eta auzoz auzoko ekimen eta jarduera propioetan gauzatuko da, hango eta hemengo gazteei protagonismo osoa emanez. Ikasturte osoko lan eta indar bilketa guzti horren erakusle gisa, gainera, manifestazioa eginen dugu maiatzaren 16an Iruñean, Erregimenari agur esan eta gure alternatiba defendatzeko. Data hori baino, ordea, ordura arteko bidaia nahi dugu indartu, Erregimenaz nazkatu eta bestelako Nafarroa amesten duten gazte guztiak batuz. Bidean ikusiko dugu elkar.

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa