Hezkuntza zapaltzaileak patriarkatua birproduzitzen du

Irakurketa:

A25_kartela_txiki

Azaroaren 25a emakumearen aurkako indarkeriaren aurka kokatzen den eguna da. Emakumeok jasan beharreko erasoak etengabeak dira urteek aurrera jarraitu arren eta geure gizarte ereduak emakumea beste maila batean jartzen du oraindik ere. Ugariak izango dira gaurko egunean jasoko ditugun datuak, entzungo ditugun berriak; aurten zenbat emakume izan diren erailak estatu edo erkidego mailan, zenbatek salatu dituzten jipoiak… eta askori ahoa parekidetasun edo feminismo hitzekin beteko zaie, konponbideak bilatu behar direla esango dute, baina… hipokresiaren mozorroa kendu gabe, emakumearen aurkako indarkeria bermatzen jarraituko dute bihar.

Guk, Ikasle Abertzaleok, Hezkuntza dugu geure gune natural gisa, nahiz eta ez den herritik isolatuta dagoen eremua, geure lana ikastetxe eta unibertsitateetan barreiatzen da. Guk, jakin badakigu, hezkuntza oso tresna baliagarria dela gizartea eraiki edota eraldatzeko eta guk badakigu tresna hori ondo erabiltzen jakin behar dugula. Gaur egun tresna baliagarri hau darabiltenak indar merkantilizistak dira, haien esku utzi dute geure heziketa eta geure etorkizuna. LOMCE edota EU2015 horren adibide garbi bat dira; hezkuntza enpresarien eskuetan utzi dute haiek erabaki dezaten tresna horren bitartez nolako gizartea eraiki. Eta hor dator arazoa, gaur emakumearen aurkako indarkeria salatzen ahoa beteko duten horiek eman baitiete hezkuntza enpresariei eta haien ondorioz ari gara gizarte kapitalista eta zeharo patriarkal hau eraikitzen.

LOMCE-k erlijio katolikoa txertatuko du geure heziketa eremuetan eta hau gutxi izango balitz, hezkuntza segregatzaile bat bultzatzen du, zeinetan ikasle jakintsu eta tuntunak bereiziko dituen. Horrelako adibide xumeekin ikus daiteke erreforma berri hauek geure gizarte ereduan sakontzen lagunduko dutela eta eraldaketa bultzatzea baino, genero sistemak dakarren bereizketan areagotuko dutela. Jakin badakigu Alderdi Popularrak abortuaren legearekin egin duena; egia da bai azkenean abortua legezkoa izaten jarraitzen duela, baina zalantzan jarri dute emakumeak haren gorputzaren inguruan erabakitzeko duen eskubidea. Hortaz, horrelako ideiak barneratuta dituen hezkuntza legea aplikatzen laguntzen duen orok, zeharka bada ere, emakumearen aurkako indarkerian sakontzen laguntzen du.

Guk badakigu emakumeok indarkeria ez dugula azaroaren 25ean bakarrik jasaten. Badakigu gizarteak dakarren eskema sistematiko bat dela eta daramagun norabidean, eraldatu baino, honetan sakontzen goazela. Horrexegatik gaurko eguna ez da indarkeriaren aurkako aldarrikapenerako eguna soilik. Gaurko egunean hezkuntza sistema feminista eta hezkidetzaile baten defentsa egiten dugu; nahikoa da parekidetasunari oztopoak jartzeaz; nahikoa da genero sisteman sakontzen doazen hezkuntza legeak onartzeaz. Guk desobedientzia egiten diegu erreforma hauei eta geure hezkuntza sistema propioa eraikitzeko hautua egiten dugu. Beraz gaurkoan ere ahotsik eta indarrik gabe gelditu arte egingo dugu oihu eta dantza eta jazarpen hauekin amaitzeko benetako erabakiak hartzeko aldarrikapena egingo dugu! Kendu dezatela hipokresiaren mozorroa eta egin dezatela benetan emakumearen aurkako indarkeriaren aurka!

LOMCEri ez! EU2015eri ez! Hezkuntza segregatzaile patriarkalari ez!

Guk gure hezkuntza! Guk hezkuntza hezkidetzailea! Guk Euskal Eskola Nazionala!

 Ikasle Abertzaleak, 2014ko azaroaren 25ean

Ikasleon hainbat ekimenen argazkiak:

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa