Donostiako Ikasle Abertzaleaken irakurketa:

iaDakigun bezala, Madrildik datorkigun LOMCE hezkuntza legea martxan da jadanik, eta azken ikasturtean izan ditugun protesta anitzen aurrean ere, PPk haren politikak inposizio bidez ezarriko dituela garbi utzi du.

LOMCEk, norbanako nahiz kolektiboen eskubideak ukatzen dituen erreforma ankerrak, zentralizazio prozesu bati erantzuten dio, herriaren mesedetara egongo den hezkuntza sistema eskaini beharrean merkatua erdigunean jarriko duen eredua inposatuko duelarik, ikasle indibidualista, akritiko, espainol eta heteronormalak produzituz. Aipatu beharra dugu 3+2ak ere hezkuntzaren merkantilizazio krudel horri laguntzen diola, bete betean.

Hezkuntza erreforma faxista honen ondorioak progresiboki iritsiko zaizkigu datozen ikasturteetan, hori eragozteko bide bakarra herritarrok ofentsibara pasatzea delarik. Hezkuntza propioaren aldeko aldarrikapenak gizarte osoak  bere egin behar dituela uste dugun arren, Donostiako Ikasle Abertzaleok borroka honetan ikasleok dugun garrantzi berezia azpimarratu nahi dugu. Horrez gainera, ez gara protesta soilekin konformatuko, inposizioen aurrean desobedientzia tresna nagusi gisa erabiliko dugularik. Herriaren beharretara moldatuko den hezkuntza sistema eraiki nahi dugu, eta bide horretan, tokian tokiko alternatibak sortu eta saretuko ditugu, Euskal Eskola Nazionala helburu.

Horretarako, Zorroztu eta Altxa! astea antolatu dugu otsailaren 23tik 27ra bitarte, alternatiba zehatzak eta LOMCEren aurkako aldarrikapenak bateratuko ditugularik. Arratsaldero tailer eta hitzaldi desberdinak izango ditugu hezkuntza-zentro eta gaztetxeetan, eta ostirala 27, 11:00etatik aurrera paroak burutuko ditugu eskoletan, 11:30etatik aurrera Bulean baterajotzea izango dugularik; horrekin batera, 3+2aren aurka 26ean deituriko mobilizazioekin bat egiten dugu. Beraz, Zorroztu eta Altxa! astearen baitan, Donostiako ikasle oro parte hartzera deitzen dugu, LOMCE gelditzeko modu bakarra desobedientzia eta alternatiben eraikuntza dela ulertuz.

Gora ikasle mugimendua!

Jo ta Ke Euskal Eskola Nazionala lortu arte

Donostiako Ikasle Abertzaleak

Etiketak: Ertainak, Gipuzkoa

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa