HEZKUNTZA HERRITAR BATEN ALDE, 3+2ri EZ!

Educación del Pueblo y Para los Pueblos plataforma internazionalistatik gure jarrera eta proposamena plazaratu nahi ditugu, Espainiako Gobernuak aurrera eraman nahi duen erreformaren aurrean (3+2 edo “Ley Wert” delakoa), unibertsitateko graduen berregituraketari dagokiona.

Lehenik eta behin, dinamika hau osatzen dugun ikasle antolakunde guztiok erreforma horrekiko erabateko kontrakotasuna adierazi nahi dugu. Hasteko, 3+2ak unibertsitateko graduen iraupena eta izaera moldatzea planteatzen du, eta ondorioz lau urteko iraupena izatetik (240 kreditu) hiru urtekoa izatera (180 kreditu) pasatzea. Gainera, graduen iraupena murrizteak edukien balioa gutxituko du (edo izaera orokorragoa emango die), eta beraz, Graduondoko ikasketak burutzera behartuko ditu ikasleak, ikasitako espezialitatearekin lotuta dagoen lan bat aurkitu ahal izateko.

Horrez gain, bekei eta laguntzei dagokienez, politika geroz eta murriztaileagoa da, eta horri hainbat faktore gehitu behar zaizkio: 2010. urtean Bolonia Plana heldu eta 2011n graduen prezioa igo zen; Masterren prezioa askoz ere altuagoa da eta oso Master publiko gutxi eskaintzen dira (eta lehen esan bezala, behartuta egongo gara horiek burutzera); beraz, horrek guztiak unibertsitate ikasketak biziki garestitzea ekarriko du. Klase herritarrak unibertsitate sistematik kanporatzea izango da aldaketa honen ondoriorik zuzenena, hauek ezin izango baitute goi-ikasketarik ordaindu. Hortaz, Espainiar Estatuko nazio zapalduetako hezkuntza publikoari eta klase herritarrei eraso zuzena suposatzen du erreforma honek.

3+2a ez da ulertu behar sistema kapitalistaren berregituraketa berritik eta bere testuingurutik isolatuta datorren eraso modura; logika merkantilizatzaile eta pribatizatzaile baten hurrengo pausu modura ulertu behar da, eta sistema hori aurrera eramaten ari da bere biziraupena bermatzeko zerbitzu publikoei eraso eginez. Hortaz, 3+2a obentsiba global eta zabalago baten baitan ulertu behar dugu. Honetan, berebiziko garrantzia izango du Bolonia Planaren aurka burututako borrokan ikasitakoak.

Gainera, autonomietako gobernuen parte hartzea salatu nahi dugu, erreforma hau ezarri eta begi onez ikusten dutelako; horrela, Europatik datorren eta Espainiar Estatuak aurrera eramaten duen kapitalismoa kudeatzen dute, edo bestela esanda, kapitalismo horretatik heltzen zaizkigun apurrak kudeatzen dituzte. Europak agintzen du, Espainiar Estatuak berregiten du eta autonomietako gobernuek men egiten dute. Gure hezkuntzari eta hezkuntza-eskubideari erasotzen dion plan honen autoreak eta konplizeak dira horiek denak. Horregatik guztiagatik, aipatutako erreforma gaitzesten dugu, eta borroka egingo dugu hura geldiarazi eta ez aplikatzeko. Ditugun tresna guztiez baliatuko gara unibertsitate publikoa salbatu eta edozein naziotako herri langileak goi-ikasketetara sarbidea izan dezan.

Bigarren puntu modura, #ParaLosPueblos plataformatik premiazko talka plan bat aurrera eraman dadila eskatzen dugu, gure hezkuntzako eta gure unibertsitateetako baldintzek duintasun minimo bat izan dezaten. Horrela bada, hezkuntza duina bermatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskatzen dugu, hala nola, Master publikoen eskaintza handitzea, unibertsitate publiko bakoitzean “beka fondo” propioa sortzea (klase herritarretako ikasleek ikasketak arrazoi ekonomikoengatik uztea saihesteko), edota curriculum-praktiken berrikuspena egitea, denek ordainsari duina izango dutela bermatzeko, ikasleok praktiketan egiten dugun lanarekin bat datorrena.

Azkenik, argi utzi nahi dugu, neurri horiek ezarri arren, hori ez dela gure eredua. #ParaLosPueblos dinamikak eta hori konposatzen dugun antolakundeok benetako hezkuntza publiko eta herritar baten alde egingo dugu, klase herritarren mesedetara egongo dena; herritik eta herriarentzako hezkuntza baten alde: nazio bakoitzeko beharrizan sozialei erantzungo diena, ez diena kapitalari eta merkatuei erantzungo, ez duena patriarkatuko genero asimetrietan sakonduko, dohainekoa izango dena eta herri langilea unibertsitatera joatea ahalbidetuko duena; benetako hezkuntza demokratiko eta zientifikoa, ez duena sistema kapitalista iraunaraziko, ez eta hori mantentzen duen egitura ekonomiko, politiko eta kulturala ere; azken batean, zapalkuntza oro (genero, klase eta nazio zapalkuntzak) gainditzea ahalbidetuko duen hezkuntza.

3+2ri EZ!

EU2015 EZ!

 

Comunicado-No_3+2

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa