M8 Patriarkatua suntsituz hezkidetzara salto! (2)

GKZko IAko militante batek ‘ikuspegia’ aldizkarian idatzitako gogoeta:

MARTXOAK 8; BORROKALARIEI

Martxoaren 8a gertu delarik, armairuan gordea dugun kamiseta morea atera eta urtean zehar gordea egon den pankarta ateratzen dugu; emakume bazkariak ugaritzen dira, eta kaleak propagandaz bete, itxuraz, erakundeek urtean zehar albo batera uzten dituzten aldarrikapenek kalea hartzen dute; zer esanik ez, “SuperWoman” ereduak azaleratzen dituzten kartelei dagokienez, “Zorionak, zuri, emakume, zure gizona zaindu, haurrak hezi, gimnasiora joan, lana egin eta lagunekin egoteko denbora ere baduen horri, zorionak”, oihukatzen digute afitxek. Honela, heteroaraua birproduzitzeko probesten da egun hau, zein nolako emakumea goraipatzen den agerian utziaz behin eta berriz.

Hortaz, nik ez, ez dut heteropatriarkatu horren eskemen barruan egonagatik zorionik jaso nahi, ez dut onartuko matxirulo batek zoriondu nazan (edo are okerrago, zein botere posiziotik hitz egiten duen eta konpasioz zoriontzen nauen sasijator baten zorionik nahi).

Ahantzia dugu jada, Emakume langile eta Emakumeen Askapenerako borrokarako eguna dela. Are gehiago, ahantzia dugu (edota hezkuntza sistematik erabat ezabaturiko pasartea da -nork ez daki zergatik dugun Konstituzioaren eguna abenduaren 6an?-, egunaren aukeraketa eta gure kamixeta aldarrikatzaile horien kolore morea nondik datorren.

Kondairaren arabera, bada, 1908an New Yorkeko oihal fabrika batean, soldata eskasak eta lan baldintza txarrak zituztela eta, langileak (gehiengo handi bat emakumeak) greban jarri eta jabeak, diotenez, eraikinari su emateagatik, 146 emakume hil ziren, eta sutearen keak, fabrikarekin batera erre ziren kolore moreko oihalen kolorea hartu zuen.

Eta zuri ere, borrokalari horri, zorionak, bollera, trans, puta, handi, txiki, ikasle, langile, etxekoandre, kalekume, baserritar, kirolari, polit, itsusi, haur, gazte, eta ez hain gazte, pailazo, lotsati, beldurti, kementsu, maitagarri, zakar, ama, emazte, maitale, militante, aktibista, betaurrekodun edo mutu, ile luze edo ile motz, titi handi, txiki edo gabeei,beltzaran eta zuri, munduko edozein txokotik zatozen horri, zorionak zuri, lekuan lekutik, borrokari eusteagatik, borrokatzeagatik, oztopoak gainditzeagatik eta zarena aldarrikatzeagatik, sinesten dugun jendarte horrengatik borrokatzeagatik, ahal dugun bakoitzero inposatua zaigun heteroarauarekin hausteagatik.

Gurera ekarrita, Maria Merce Marçal Feminista Katalanaren esaldi batekin amaitu nahi dut tartetxoa: “zorteari hiru dohain eskertu dizkiot; nazio zapaldu bateko kide izatea, klase baxukoa izana eta emakume jaiotzea; hala, hiru aldiz iraultzaile izateko aukera dut.”

Hala ba, besterik gabe, eta kontuan hartuz ezin dela egun bateko kontua izan,
ZORIONAK BORROKALARI GUZTIOI! Atzo, gaur eta bihar.
GORA BORROKA FEMINISTA!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa