Leire Azkargorta (Ikasle Abertzaleak), Saioa Iraola (Bilgune Feminista), Iñigo Leza (Fracking Ez!),
Nestor Esteban (Euskal Herrian Euskaraz), Martxelo Alvarez (Ahaztuak 1936-1977),
Amaia Nicolas (Sare Antifaxista), Patrizia Muñoz (Elkartzen)

AskapenaAurrera_kartela

Pasa den otsailaren 14an, auziperatuekin batera aurre egin beharko dioten epaiketaren gaineko irakurketa egin zuen publiko Askapenak. Beste behin ere, Estatu Espainolak, bere ilegalizazioa bilatuz, herri mugimenduko eragile bat jarri du bere jo puntuan eta beste modu batera izan ezin den bezala, erasotuta sentitu gara.

Kasu honetan, Askapena erakunde internazionalista, baina berarekin batera, Askapeña Bilboko Konpartsa, Herriak Aske elkartea eta merkataritza justuko Elkartruke enpresa ilegalizatu nahi dituzte. Ez da lehen aldia Estatuak egunkariak, herri mugimenduko eragileak, fundazioak… itxi nahi izan dituena. Oso ezagun dugu eta mina ematen digun arren, ez gaitu harritzen.

Denbora asko da Euskal Herrian ezohiko egoera bat bizi dugula. Estatuko egitura protofaxistek deskantsurik gabe jarraitzen dute konfrontazio iraunkorrean geureganatu ditugun gure herriko antolakuntza eta borroka gaitasunak eteten saiatzen. Zentzu honetan, Estatuak garbi dauka zein paper jokatu duten herri mugimenduko antolakundeek herri honen auto-antolakuntzan. Horregatik moztu nahi dute auto-antolakuntzaren garapena posible egin duen herri honen balio historikoarekin.

Hala ere, Estatua ez da konturatzen baina, konturatzen bada, dinamika honek bukaera agonikoa duela jakingo du. Badira urteak euskal herritarren pentsamenduan “dena ETA da” egitura diskurtsiboa ez dela onartzen. Modu berean, Estatua bere jardun errepresiboa ulertuko ez duten sektoreetara iristen ari da. Guk herritik eta herriarentzat lan egiten dugu, eta gure autonomia mantentzen dugu gure interesak defendatu ahal izateko.

Estatuaren estrategia errepresiboa, pixkanaka erortzen ari den “zuzenbide estatu” batean inork espero ez zituen parametro batzuetara heldu da. Zentzu horretan, arma guztiak erabiltzen ditu egoera honi buelta eman ahal dieten indarren kontra. Gu, auto-antolakuntzaren bitartez, espazio libreak sortuz, kontrabotereak eraikiz, inperio horren erorketa azkartzen ari gara, eta gure rolaz konbentzituta gaude modu berean. Baina ez soilik modu suntsitzailean, baizik eta gure herriko langile nahiz herri sektoreek behar duten Euskal Herria eraikiko dugun aktore bezala.

Urteak dira konpromiso hau hartu genuela. Euskal Herria dugu ortzemuga, eta bakoitza bere esparruan, norabide horretan jarraitzeko konpromisoan berresten gara. Euskal Herria feminista eraikiz, eraldaketa soziala bururaino eramanez, amalurra defendatuz, memoria historikoa eginez, Euskal Herria euskaldunduz, hezkuntza herritarren mesedetara jarriz… eta nola ez, Euskal Herria internazionalista eraikiz.

Horrela, nahiz eta Estatuak errepresioa bortizki erabili, guk gure antolakuntzan eta gure helburuetan aurrera egiten jarraituko dugu. Gure herrian konfiantza dugulako, eta ez delako egongo tankerik, gure harrien euria geldituko duenik. Gure nahi, behar eta interesek udaberria loretuko dutelako beti.

Bukatzeko, gure elkartasunik beroena eskaini nahi genieke, hala auziperatu internazionalistei, nola Askapena, Askapeña, Herriak Aske eta Elkartrukeko lagun eta militanteei. Baten kontra egiten badute, denon kontra ari direlako.

Euskal Herrian, 2015/03/13

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa