CCiunSjW4AAyHWp

Manifestua:

Bilbo industria hiria izan da historikoki. Bere itsasadarraren ertzean ikaragarrizko azpiegitura industrialak eraikitzen ziren, eta milaka izan ziren nekazalguneetatik gure hirira mugitu zirenak, errealitate langile hori eta hamarkadetan gure hiribildua ezaugarritu duen klase identitate indartsua garatuz. 80 hamarkadak birmoldatze industriala ekarri zuen, eta baita Estatu espainiarrak Kapitalaren Europaren agintaritza gero eta neoliberalagoaren aurrean erakutsitako mendekotasuna ere. Ekoizpenaren sektore estrategiko bat suntsitzeaz gain, birmoldatze honek langile mugimendu artikulatu eta borrokalaria erraustu zuen, zeina mugimendu sozialetan eta herri mugimenduan sustraitua zegoen.

Gaur egun, nekez aurki dezakegu gure hiriaren jatorri langilearen arrasto sinbolikorik. Lekuko zein nazioarteko interes kapitalistak irudikatzen dituen erakusleiho turistiko bat da Bilbo. Langileria konsziente eta antolatu hartatik oroitzapena baino ez da gelditzen. Estatua eta bere egitura errepresiboek eta Europa neoliberal horren aurrean gero eta modu ageriagoan makurtzeak, besteak beste, langileriaren zatiketa eta desmobilizazioa eragin dute, ordezko moduan herritar anonimo eta esanekoak geratu direlarik.

Maiatzaren Lehenak, borroka egun bat izan beharko lukeenak, klase identitatearen zori eta bilakaera bera jasan du. Modu progresiboan, sistemaren barruan integratzeko prozesu bat jasan du, eduki politikoa eta borrokarako grinaren ezaugarria baztertuz, testuinguruz kanpo geratzen den ospakizun bat bihurtu delarik, zeinetan ez zaien zapaltzen eta esklabu bihurtzen gaituzten egiturei modu errealean aurre egiten.

Manifestu hau sinatzen dugun antolakundeok ordezkatzen dugun mugimendu sozial eta herrikoiaren aldetik, errealitate honen aurka agertu nahi dugu, egun egitura kapitalistei aurre egiteko inoiz baino baldintza gehiago daudela gogoraraziz. Ezin dugu ahaztu egitura kapitalista hauek egiturazko krisi honetaz baliatu direla bortizki kolpatzen gaituzten austeritate neurriak inposatzeko, are prekarioagoa, okerrago ordaindua eta eskubide gutxiagoduna den lanpostu bat utziz, aberatsenek gure duintasun galera honen kontura beren patrikak puzten jarraitzen duten bitartean. Kapitalak inposatzen ditu arauak, gobernuek gauzatu egiten dituzte eta langileriak pairatu egiten ditu.

Egungo testuinguruan, langileon aurkako mehatxuek etenik ez izateaz gain, izaera esponentzial bat hartzen dute, TTIParekin ikus dezakegun moduan, hau da, Europar Batasuna eta AEBen arteko merkataritza askerako itun bat, zeinak transnazionalen esku uzten duen herrien subirautza, historikoki konkistatu ditugun eskubideak eragotziz. Akordio hau onartzen duten herrialdeetan, enpresek beren baldintzak askatasun osoz eta inolako eragozpenik gabe inposatu ahalko dituzte, honekin talde ekonomiko eta finantza-talde handiek langileen zein herrien eskubideen gain dituzten interesak blindatuz.

Estatu espainiar eta frantsesak euskal langileria itotzen dute, lan-erreforma odolzaleak inposatuz, transnazionalak babesteko enplegua malgutuz eta gure borrokarako gaitasuna mugatuz. Gainera politika errepresiboekin ere mehatxatzen gaituzte, kasu mozal lege deiturikoa, zeinak sistemaren aurkako edozein erantzun politiko zigortzen duen, sindikalista, grebalari eta borrokalari orori, hau da, guztiontzat hobeak izango diren baldintzengatik borroka egiten duen orori sententzia eredugarriak aplikatzen dizkion moduan.

Agertoki politiko eta ekonomiko honek gure eskubideak erasotzen ditu, jadanik ez langile moduan soilik, baizik eta emakume, gazte, pentsiodun, ekologista, euskaldun eta abar moduan baizik. Hau guztia dela eta, erantzun bat eman beharra dago, egun bakoitza Maiatzaren Lehena bihurtuz eta Maiatzaren Lehena gure borrokaren momentu eredugarri bat bihurtuz. Gure Euskal Herri Langile izaera berreskuratu behar dugu, hortik egiteko aurre inperialismo estatubatuar eta europarretik zein euskal burgesiatik Euskal Herriaren subirautzaren eta langileriaren aurka gauzatzen diren erasoei.

Gure eskubideak defendatzeko modu bakarra hauek gauzatzea dela erakutsi beharra dago. Maiatzak 1 honetan erakutsi diezaiegun kalean gure amorrua, gure haserrea eta seinala ditzagun espainiar zein frantziar Estatuak eta euskal burgesia Euskal Herriko interes inperialisten ordezkari eta, beraz, egiturazko etsai gisa.

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa