Selektibitatearen aurkako Bizkaiko ikasleen oharra:

Atxikituta: Bizkaiko IA, Ernai, LAB, Steilas eta Sortzen

SelektibitateaUrtero legez, ikasturte amaieran, hego Euskal Herriko milaka ikaslek euren etorkizuna erabat baldintzatuko duen froga egitera behartuak izango dira; selektibitatea, alegia. Urteak dira gure herriko unibertsitateetara sartzeko froga hau egitearen beharra Madrildik ezarri zigutenetik, euskal ikasleriari barnerarazi nahi dizkion eduki zein eredu arrotzak Euskal Herrian hegemoniko bilakatzeko asmoz.

Hezkuntzan pedagogiaren garrantziaz ari garenean, pentsaezina da, gaur egun ere, hamazortzi urtez luzatu den pertsona baten hezkuntza prozesua hiru egunetan egiten den ordu gutxi batzuetako azterketa huts batek neurtu dezakeenik. Selektibitatea ikasleriaren gaitasun memoristikoa neurtzeko tresna besterik ez da, sailkatze guztiz bidegabea egiten duelarik.

Larriena, ordea, ikasleon etorkizunean jokatzen duen paper erabakigarria da. Hiru egunetan lortutako emaitzek ahalbidetzen edo galarazten dute ikasle batek gauzatu nahi dituen ikasketak askatasun osoz erabaki ahal izatea. Pertsonaren eta honen gaitasunen aurretik, zenbaki hutsa da selektibitateak kontuan hartzen duena; horrela, ikasleak baino, zenbakiak dira unibertsitatera sartzen direnak.

Urte luzez ikastetxeetan hezitzaileek burutzen duten lanaren garrantzia gutxietsi eta ikasleen arteko elkarlana baino, euren arteko lehia besterik ez du bultzatzen froga honek, hezkuntza prozesuan garatu beharreko kritikotasunari ateak itxiz eta ikasleriaren ideologizazio interesatuari ekinez.

Espainiako Gobernuak aplikatu duen hezkuntza legea medio, selektibitatea egingo den azken urtea omen dela ziurtatu dute agintari politikoek. Hala ere, bide honetan ikasleria bidegabeki ebaluatzeko frogak etengabeak izaten ari dira, eta Eusko Jaurlaritza lehen hezkuntzako 3. mailan burutzen ari den frogak ditugu horren adibide argiena. Hezkuntzan bizi ditugun egoera arrotzen aurrean, Euskal Herriko hezkuntza komunitateak neurri hauen aurka azaldu eta desobedientziara salto egiteko urratsak emateko gai dela agerian utzi du ordea.

Agerraldi hau burutzen dugun eragileok, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari hezkuntza komunitatearekin Euskal Herriak behar duen hezkuntza ereduaren inguruko eztabaida zabala eta argia martxan jar dezala eskatzen diogu. Bestetik, Euskal Herriarentzako hezkuntza eredu propioaren alde lanean jarraitzeko beharra azpimarratu eta selektibitatea zein gainontzeko froga bidegabe eta arrotzei aurre egiteko beharrezkoak diren neurriak martxan jartzeko konpromisoa hartzen dugula azaltzen dugu.

Bilbon, 2015(e)ko ekainaren 8an.

CG-HRB4WwAA1Nup

Etiketak: Bizkaia, Ertainak, Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa