CQobIY6UYAABvPTIkasle Abertzaleak eta Ernai:

Egun gazteok bizi dugun zapalkuntza egoerari aurre egiteko eredu berri bat eraikitzea ezinbestekoa dugu. Nazkatuta gaude gure oraina eta etorkizuna enpresa buruetako bulegoetan diseinatzeaz, gure eskubideen murrizketak trajez jantzitako poltroneroek erabakitzeaz. Horrekin nahikoa ez eta erosotasunean eta esfortzurik egin gabe bizi garela esaten digute. Lotsagabe zikinak.

Miseriara kondenatu nahi gaituen sistematik alde egin beharra daukagu, esplotazioan eta prekarietatean kateatu nahi gaituztenengandik askatu. Merkatuen txontxongilo eta kolaboratzaile diren estatuekin apurtu.

Kapitalismo patriarkalaren logikaren aurrean bizitza erdigunean kokatuko duen eredu baten aldeko borroka ezinbestekoa da. Gazte eta ikasle problematika egunero borrokatzen jarraitu beharra daukagu. Gure buruaren jabe izateko ezin gara inori itxaroten geratu.

Urriak 24ko eguna pauso bat gehiago da Euskal Herri berri bat eraikitzen jarraitzeko, sistemaren zurrunbilotik alde egiteko. Euskal Herriko eskubide sozialak aldarrikatu eta bestelako Herri eredu bat posible dela erakustera goaz.

Egunerokotasunean norbanako zein kolektiboek garatzen dituzten alternatiba eta egitasmoak ezagutarazteko plaza ederra izango da Alternatiben Herria. Elkarlanerako. Burujabetzaren bidean borroka desberdinak ezagutu eta eztabaidatzeko. Ikasteko, irakasteko, hausnartzeko eta ekiteko. Borroka kide berriak egin, ikuspegiak kontrastatu eta gure aletxoa jartzeko.

Urriak 24 ekintza politikorako eguna dugu, borrokarako beste egun bat. Hausnartu, eztabaidatu, ezagutu eta elkartzeko eguna. Jaia eta borroka. Mugarri bat ere bada, aldaketa soziala aldarrikatzen dugunontzako inflexio unea, aurrera begira sakondu beharreko bidea marrazten lagunduko diguna.

Edozein aldaketa politiko eta sozialetan gazteria eta ikasleria subjektu aktiboa da eta baieztapen horrekin konprometitzen gara gaur hemen. Euskal Herriak bizi duen zapalkuntzekin apurtzeko lehen lerroan egoteko konpromisoa gure egiten dugu.

Beraz, dei berezia egin nahi diogu euskal herriko gazteriari eta ikasleriari: Erabakia hartua dugu. Ez gaude prest egungo egoeran bizirauteko, esplotazioan bizitzeko, español eta frentses izateko. Urriaren 24ean hitzordu garrantzitsua dugu Bilbon. Alternatibak eraiki ditzagun, sistema kapitalista patriarkala apurtu dezagun, goazen alternatiben herria kolektiboki eraikitzera!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa