Irakurketa:

Bizk ikasle grebaEgungo hezkuntza sistemak ez dituela ikasleon eskubideak bermatzen ez da gauza berria, are gehiago, ikasle mugimenduak aspalditik salatu izan duen zerbait da. Hezkuntza sistemaren papera, ezinbestekoa da sistema kapitalista eta patriarkarraren biziraupenerako, horrela txiki txikitatik sexuaren araberako genero rolen banaketan hezten gaitu, eduki arrotzak inposatzen dizkigu, eta pedagogia ereduaren bidez, ikasle akritiko eta pasiboak izatera bideratzen gaitu baita gure arteko lehiakortasuna sustatu ere, sistema berproduzitzeko pieza bihurtuz. Hezkuntza sisteman aurrera egun ahala gainera, asko dira baliabide ekonomiko faltagatik ikasketak utzi behar dituztenak, adibidez unibertsitate tasak ordaindu ezinagatik, baina baita sistemak ezartzen dituen ikasketa erritmoei egokitu ezinda “ikasteko balio ez duten” horiek kanporatuz. Horrela, gizarteko ezberdintasun sozialak bere horretan geratzen dira. Gainera, euskaraz ikasteko eskubidea ez da bermatzen, horrela ikasle euskaldunon hizkuntza eskubideak urratuz.

Gainera, honetan sakontzeko bidetik datoz LOMCE eta EU2015en inposaketak. Ikasleok argi aldarrikatu dugu honen aurrean desobedientziaz herritik eta herriarentzat izango den beste eredu baten eraikuntzaren alde ekiteko beharra. Asko gara hezigunez hezigune antolatu eta egunero borrokatzen dugunak euskara taldeetan euskaraz ikasi nahi dugula oihukatuz, talde feministetan hezkidetzaren alde, asanbladatan ikas baldintza duin batzuen alde, ikastetxeetan LOMCE desobeditzeko bidea jorratuz, unibertsitateetan ikas baldintza duinak zeintzuk diren prozesu parte hartzaile baten bidez zehaztuz… hamaika borroka daude piztuta.

Hala ere, inposaketen aurrean, beharrezkoa da borroka hauek erdigunera ekarri, hauetan sakondu eta saretzen hastea, denok batera indar gehiagorekin kolpatuko dugulako sistema, gurea eraikitzearekin batera. Ikasleria antolatu eta kontzientea baita hezkuntza herritik eta herriarentzat izateko bidean berme bakarra. Horregatik, ikasle guztiei azaroaren 26an Bizkaia mailan deitu dugun ikasle greban parte hartu eta ikasgelak husteko deia luzatu nahi diegu; aitzitik, egunean bertan Bilbon herrialde mailako mobilizazioa egingo dugula jakinarazi nahi dugu, inposaketen aurrean gurea borrokatzen jarraitzeko bidean. Ez ditugu inposaketak onartuko eta ikasleria antolatzen jarraituko dugu!

Inposaketen aurrean, ikas baldintza duinak!
IKASLE ANTOLAKUNTZAZ, GUREA BORROKATU!

BUIA (Bilboko unibertsitateetako ikasle asanbladak)
LIM (Leioako ikasle mugimendua)
Bizkaiko Ikasle Abertzaleak

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa