[IRAKURKETA] Beste urtebete, ikasleok hezkuntza hetero-patriarkala apurtu eta hezkuntza hezkidetzailea eraiki behar dugula aldarrikatzen. Indarkeria matxistak beste 6 biktima utzi ditu aurten Euskal Herrian eta erasoak, berriz, zenbatezinak dira. Hezkuntzak ere paper garrantzitsua betetzen du sistema kapitalista hetero patriarkal hau mantendu eta elikatzeko.
Hezkuntza sistema honek banandu eta mailakatu egiten gaitu txiki-txikitatik, gizon ala emakume izatearen arabera. Horren adibide da gure historiako liburuetan emakume erreferentzialen urritasuna, gizonak boteredun eta emakumeak zapaldu diren sistema hegemoniko bihurtuz.

Gainera, jasaten ditugun erasoen aurrean, hitz politez margoturiko diskurtsoak erabiltzen dituzte: emakumea biktima hartzaile eta babesgabe huts gisa ikusiz eta berdintasunerako politika paternalista antzuak ezarriz.
Honi aurre egiteko hezkidetza izango da ikasleon tresna. Pertsona aske moduan tratatuko gaituen hezkuntza askea eraikitzeko baliatuko dugulako eta gure desberdintasunak onartuz jendarte parekide bat eraikitzen lagunduko digulako.
Ematen diren eraso guztien aurrean defendatzeko ezinbesteko beharra daukagu, emakumeengandik eta emakumeentzako sortutako autodefentsa feministaz baliatuz: AUTOdefentsa salbatzaileen beharrik gabe geu izango garelako honen motore eta FEMINISTA balio justuagoetan oinarrituriko harremanak lantzen dituelako. Ezarritako ordena sAz25 15-16ozial zapaltzaileari aurre egingo badiogu kontuan izan beharko dugu sistema kapitalista hetero-patriarkalak etengabean birproduzitzeko gaitasuna daukala: oharkabean geure jarreratan baita geure ingurukoenetan ere jarrera sexistak sortuz.

Beraz, erronka galanta daukagu geure inguru hurbilenetik eta praktika pertsonaletatik hasiz, egoera honekin bukatu eta eredu berriak martxan jartzeko! Hala, ikastetxeetatik bertatik eragiteko daukagun indar eta ahalmenaz ohartuta ikasleok autodefentsaren eta hezkidetzaren aldeko apustua egiten dugu!

Aski da! Ikasleok ez dugu erasotzaile eta erasotu gehiago sortuko dituen hezkuntza bat nahi! Nazkatuak gaude egunero-egunero gizartearentzat larriak zein ikus ezinak diren erasoak gertatu direla entzun behar izateaz! Ikastetxeko zuzendariek, irakasleek, udaletxeek, instituzioek… egoera hauek ez errepikatzea haien esku dagoela argi entzun dezaten ikasleok kaleak hartuko ditugu! Ez dugu hitz polit gehiago nahi, has daitezela behingoz hain garrantzitsua den prebentzioa lantzen!

Hala ere, ez gara eserita geratuko haiek noiz hasiko zain! Guk, betiko lez, aurrera egiten jarraituko dugu, gure txikitasunetik abiatuta pausu handiak emanez emakumeon eskubideen defentsan!


Ikasle borrokaz hezkuntza sistema parekide bat lortuko dugulako, Jo Ta Ke euskal hezkuntza feminista lortu arte!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa