IMG_13021Aurreko astean aurkeztu zuten bezalaxe LAB, STEILAS, IA, PREST eta ELA martxan jarri dira jada presoek EHUn ikasteko duten eskubidearen alde. Gaur, Leioan  egindako mahai inguruaren bitartez jakinarazi digute dinamikaren nondik norakoa, helburuak eta eskaerak kolektibo desberdinetako kideek.

Euskal presoak EHUra ikastera!

Euskal presoek UPV/EHUn ikasteko  duten eskubidea bermatzearen alde

 Behean sinatzen dugun UPV/EHUko irakasle, ikerlari, administrazio eta zerbitzuetako langile,  ikasle, elkarte eta sindikatuok euskal herritar presoek jasaten duten egoerarekin gure kezka azaldu nahi dugu. Kezkatuta gaude Frantziak eta Espainiak aurrera daramaten presoekiko politikarekin: bere senide eta lagunengandik urruntzen duen sakabanaketa; preso gaixoek behar duten arreta jasotzeko kaleratuak ez izatea;  zigorren luzapena; kartzeletako bakartze eta zigor-politikak… Ez dugu ahazten, gainera, presoei gain-zigorra jartzeaz batera, haien senideak ere zigortuak direla. Eta politika krudel horrekin, estatuek nazioarteko eta barne legediari zein  Europako Giza Eskubideen Epaitegiak ezarritako irizpide eta ebazpenei muzin egiten dietela.

EH ikastera_1Hori horrela, eta UPV/EHUko kide garen heinean, euskal herritar presoek gure unibertsitatean ikasteko duten eskubidean pausatu nahi dugu begirada. Eta, lehenik eta behin, espainiar kartzeletan preso dauden euskal herritarrek UPV/EHUn ikasteko eskubidea galerazita edukitzea ulertezina eta, areago, onartezina iruditzen zaigula esan beharra daukagu, kontuan hartuta gure Unibertsitatea dela euskaraz ikasteko aukera nagusia –bakarra ez esatearren-.

Frantziako espetxeetan preso daudenek ere, UPV/EHUn ikasteko eskubidea ukatua ez badute ere,  oso zaila dutela  ezin aipatu gabe utzi: preso egoera ez da kontuan hartua izaten eta ikasketek haien senideei suposatzen dieten zama ekonomikoak eta kudeaketa ez egokiak  (matrikulazioa, tutoretzarik eza, atzerapenak…) ikasketa-prozesua izugarri zailtzen dute, behin baino gehiagotan ikasketak bertan behera uztera behartuak ikusiz.

Horretaz guztiaz jabeturik, eta euskal jendartearen egoera politikoaren normalizazioaren garapenean euskal herritar presoen eskubideak –eta zehazkiago, ikasteko eskubideak- bermatzeak duen garrantzia kontuan harturik honako eskabide hauek egin nahi dizkiegu Gobernu ezberdinetako agintari politikoei zein UPV/EHUko mandatariei:

  1. Euskal herritar presoek dituzten eskubide guztiak onartuak eta bermatuak izan daitezela, salbuespen-neurri eta erabakiekin bukatuz, eta, bide batez, Giza Eskubideen Europako Epaitegiaren irizpide eta ebazpenekin bat eginez.
  1. Euskal presoek nahi duten hizkuntzan ikasteko duten eskubidea egikaritzeko, behar beste arauzko aldaketa eta hitzarmen proposatu, defendatu eta sina dezatela, oinarrizkoa eta nazioarteko, Espainiako zein EAEko unibertsitate legedian jasoa den hezkuntza eskubidea bermatzeko oztopo oro alboratzeko.
  1. Azken urteotan hartutako erabakiei jarraipena emateko, irakas-eskaintza zabal eta egonkorra eskaini dezala UPV/EHUk Espainiako zein estatutik kanpoko presondegietan dauden euskal herritarrek nahi duten gradu edo gradu ondokoa ikas dezaten.
  1. Horretaz gain, euskal herritar presoek unibertsitatean benetan ikasi ahal izateko, eta euren preso-egoera kontuan hartuta, sartzeko eta ikaste-prozesua modu egokian garatu ahal izateko beharrezko neurriak hartu eta egokitzapenak egin daitezela; besteak beste matrikulazio-prozesuan neurriak hartuz, tasak eta bekak jaso ahal izateko presoen egoerara egokituz, tutoretzak bermatuz eta abar.

Agiri hau sinatzen dugun UPV/EHUko irakasle, ikerlari, AZP-ko langile, ikasle, elkarte eta sindikatuok giza eskubide guztien defentsan euskal herritar presoei dagozkien eskubideak defendatzeko konpromisoa hartzen dugu; eskubideen ukapenetik eskubideen bermatzera igarotzeko garaia dela uste baitugu; ikasteko eskubideari oztopoak jartzetik trabak baztertu eta benetan bermatua izateko unea delakoan baikaude.

Horrexegatik, UPV/EHUko langile eta ikasleei eskaera hauekin bat egiteko deia egiten diegu, agiri honi atxikituz eta Campus ezberdinetan antolatuko diren ekimenetan parte hartuz.

Atxikimendua emateko:  http://goo.gl/oRjl8X

EP-EHUra_Aurkezpena_Leioa_eus-1

Etiketak: Info, Unibertsitateak

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa