Abenduak 3 izanaren harira, euskararen egunak hainbat ekintza eta ekimen ekarri ditu Euskal Herriko heziguneetara. Zoritxarrez, horietako gehienek ospatzeko baino aldarrikatzeko arrazoiak jarri dituzte mahai gainean, eta instituzioek euren aurpegia zuritzeko baliatu duten eguna, hausnarketarako eta borrokak azaleratzeko erabili du ikasle mugimenduak. Beste behin, hezkuntza sisteman euskarak duen gabezi egoeraren eta horrek ikasle euskaldunongan duen eraginaren ondorioz gure arazoak ikasgelatik atera eta aldarri publikoak egiteko beharra ikusi dugu. Horrela, tokian tokiko ikasle mugimenduekin batera heziguneetako IAko taldeok euskalduntzearen aldeko aldarria zabaldu dugu gaurko egunean.

Guzti honen aurrean azpimarratu beharra dago gaur egungo hezkuntza sistemak ez duela euskalduntzea bermatzen, are eta gehiago, erdalduntze horrek forma ezberdinak hartzen ditu gure herri zatituko eremu administratibo bakoitzean, eta hezkuntza fase ezberdinetan. Horrela, Iparraldeko eta Nafarroa Garaiko ikasleak dira zapalkuntza hori modu gordinenean pairatzen dutenak: euskararen ofizialtasunaren ukapenarekin lehenengoan eta Ley del Vascuence eta zonifikazioa bezalako oztopoen eraginekin bigarrenean. Are eta gehiago, euskararen ukapena zerbait estrukturala da hezkuntza sisteman, euskararen presentzia gero eta urriagoa izateaz gain hezkuntza fase altuenetan, eduki, bitarteko eta ikasgaiak ere erdalduntzearen diglosi prozesu batean jarraitzen dute murgilduak.

Hastapenean aipatu bezala, hezigunetan euskalduntzearen aldarria ekarri nahi izan dugu. Horren adibide dira Bilboko Unibertsitateetan Andra Mariko eta Sarrikoko fakultateetan euskararen egoeraren inguruan eginiko galdetegi eta eztabaidak, eta Izan, Egin, Eragin dokumentalaren proiekzioa azken honetan; Ibaetako Arkitekturako ikasle gelan goiz osoan zehar burututako hitzaldiak eta Sakanan, NUPen eta Gasteizko Campusean bertako Euskara Taldeek eta IAko taldeek eginiko agerraldiak.

Inposatutako hezkuntza arrotza apurtu eta euskalduna eraiki!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa