Herri Unibertsitateak 2016

Entzun, idatzi eta kopiatu. EU2015, Bolonia…Inposaturiko sistema arrotz honek izen desberdinak hartu ditu, bere izena eta kanpoko itxura aldatzen saiatu da, muinean berdina izaten jarraitzen duen arren.  Aspaldi ohartu ginen ikasleok sistema honek ez duela benetako jakintza sortzen. Eduki hutsez beteriko ikasle akritikoak sortzeko sistema baten baitan murgilduta gaudela ere aspaldi antzeman genuen. Orduantxe sortu zen Herri Unibertsitatea, orduantxe erabaki genuen aski dela, herritik eta herriarentzat izango den hezkuntza eredua sortzeko eta lortzeko ikasleok indarrak batuko genituela.

Duela 3 urte hasi zen herri unibertsitatearen proiektu eraikitzailea Leioan; ilusioz, gogoz eta esperantzaz, esku artean ikasle mugimenduak zeukan proiektuarekin oso urruti heltzeko asmoz. Ordutik hona proiektua etengabe ari da ugaltzen, aurrerapausuak ematen eta eraldatzen. Aurten, iaz bezala, UPVko lau campusetan eta UPNAn ere Herri Unibertsitateak antolatu ditu ikasle mugimenduak. Ikasle mugimendua inoiz baino indartsuago ari da eta aurtengo Herri Unibertsitateetarako sorpresa eta aldaketa ugari iragarri dituzte.

Gasteizen jada hasi dira, eta atzo bertan fakultatez fakultate gradu desberdinetan jorratzen  dituzten edukiak kritikoki lantzen hasi ziren . 3 eguneko egitaraua antolatu dute Jaikialdiaren sinadurapean, eta hori gutxi balitz, indarrak batu eta ostegunean minimoak aldarrikatzeko mobilizazioa deitu dute ikasleek.

Hurrengoa Ibaeta izango da, aurten inoiz baino gogotsuago egungo hezkuntzak ezartzen dituen mekanismoak apurtu eta hezkuntza eredu propioa eraikitzen hasteko. Martxoaren 8-9-10ean iragarri dute Herri Unibertsitatea eta laister egitarau osoa izango dugu ikusgai.

Bizkaiko campusek aldiz, Leioak baita Bilbo Unik, martxoaren 14-15-16rako iragarri dute Herri Unibertsitatea bertako ikasle mugimendu indartsuak bultzaturik. 3 egunetan zehar hitzaldiak, tailerrak, mahai inguruak… eta jakintza sortzeko espazio anitzak aurkituko ditugu bertan. Aurten sorpresa ugari iragarri dituzte eta inoiz baino jendetsuagoa izango den Herri Unibertsitatea lortzeari irmoki eutsi diote. Leioak ostegun honetan, otsaila 25 aurkeztuko du bere egitarau osoa.

Ikasturte amaieratik hurbilago eta UPVko campusen Herri Unibertsitateak pasata Nafarroara iritsiko da ekimena indar handiz. Herri unibertsitatea apirilean egingo da Iruñean, eta oraindik goiz den arren laister iragarriko a data.

Euskal Eskola Nazionalaren bidean, ikasle mugimenduarekin EU2015 apurtu eta unibertsitatea herritik eta herriarentzat eraiki!

Urtez urte aurrera eginez, Herri Unibertsitateak ’16!

Informazio eguneratua: 

Leioatik.info

Haraba.info

Buiaka.info

Etiketak: Unibertsitateak

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa