Kapitalismo neoliberala bere irabaziak maximizatzen saiatzen ari da etekin ekonomikoa lortzeko potentzialitatea daukaten zerbitzu publikoak pribatizatuz, kapitalaren metaketarekin jarraitzeko merkatu berrien irekiera behar baitu. Horregatik, hezkuntzaren – eta batez ere unibertsitateen –pribatizazioaren aldeko apustua egiten du Espainiar Estatu kapitalistak, Europar Batasun neoliberalaren erritmoek markatuta. Testuinguru honen aurrean, Països Catalanseko Ikasle Mugimenduak ikasleak antolatu eta mobilizatuko ditu herri subiranotasuna praktikara eramanez.

Gaur egun, Estatu Espainiarrak zapaltzen dituen nazio desberdinen unibertsitate publikoek zapalkuntza hirukoitza jasaten dute. Espainiar Gobernutik datorkigun lege oro aplikatzen dute gobernu autonomikoek, Europar Batasunetik diseinatzen diren eta inposatzen dizkiguten estrategien ondorio diren legeak, alegia.

Eta zeintzuk dira estrategia honen helburuak? Jada erasotua izan den hezkuntza sistema publikoa erasotzen jarraitzea kapital transnazionalen mesedetara dagoen hezkuntza eredu bat inposatzeko, unibertsitatean eraikitzen dugun ikerketa eta ezagutza oro merkantilizatuz, unibertsitaterako sarrera elite ekonomikoetara mugatuz, eta, azken finean, estatu desberdinek zapaltzen dituzten herri langileoi gure gizarte propioa eraikitzeko behar ditugun ezagutzak ukatuz. Horregatik, Europar Batasunaren helburu hauek materializatzeko garatu du Espainiar Estatuko Gobernuak 3+2 Dekretua.

Dekretu honen bitartez,vagasepc graduen balioa jaitsaraziko da merkatuan, masterren prezioak igoz eta hauetarako sarbidea geroz eta gehiago mugatuz. Honetaz gain, finantzazio pribatuaren areagotzea eta enpresa pribatuen sarrera unibertsitateko erabaki organoetara arautzen du dekretuak, graduen edukiak enpresen zuzendarien beharretara doituz. Beste behin ere, herri langilearen unibertsitaterako sarrera mugatzea eta hezkuntza eredua kapitalaren mesedetara jartzea da dekretu honen helburua.

Horregatik, Herrialde Katalanetako Ikasle Mugimenduak bertako unibertsitateen historiako erreferendum masiboenak antolatu ditu ikasleon 3+2arekiko desadostasun irmoa ikustarazteko. Honela, argi utzi dute ikasleriaren %90a baino gehiago Dekretuaren aurka dagoela, eta badakite hurrengo urratsa ikasle mobilizazio masibo bat antolatzea dela desadostasun hau instituzioetaraino eramanez.

Guzti honengatik egin da greba deialdia martxoaren 3rako Herrialde Katalanetan. Greba honen bitartez Ikasle Mugimenduaren eskakizunak materializatuko dira, kapitalarekin dagoen kontraesana gainditzeko autoantolakuntzaren, kontraboterearen eta herri boterearen ezinbestekotasuna argi utziz. Greba honek Herrialde Katalanetako agenda politikoa markatuko du, arazo hau eztabaiden erdigunean kokaraziko du eta indar korrelazioak aldatuz unibertsitate katalanen errektoretza desberdinak jarrera argi bat hartzera behartuko ditu, azken finean 3+2 Dekretua aplikatzeko erantzukizuna eurek baitute.

#ParaLosPueblos plataformatik Herrialde Katalanetan egingo den greba honi gure babes osoa eman nahi diogu, lanketa lokal, autogestionatu eta herrikoi baten ondorioz ateratako behar bati erantzuten diolako. Klase, nazio eta genero zapalkuntzak Herrialde Katalanen markotik haratago, Espainiar Estatuan ematen diren eta Europar Batasuneko burgesiak zehazten dituen opresioak dira. Hezkuntza Herritik eta Herrientzat (#ParaLosPueblos) plataformatik ulertzen dugu, sozialista garen heinean, internazionalismoa oinarrizko tresna dela gure praxi politikorako, horrela soilik gainditu ahalko dugulako nazioarteko mailan herrien aurka antolatzen den kapitalaren diktadura. Horregatik, Espainiar Estatuak zapaltzen dituen herriok gure indarrak batzen ditugu gure herriaren zapalkuntzen erantzule den etsai komunaren aurrean, batez ere herriaren interesei eta nazio bakoitzaren beharrei erantzuten dion eskola internazionalista eraikitzeko bada.

Argi utzi nahi dugu, betiere errespetuaren abiapuntutik, Colectivo de Jóvenes Comunistas (CJC) antolakundearen jarrera eta asmoak erratuak iruditzen zaizkigula, bere ikasle adarra den Frente de Estudiantesen bidez adieraziak, Herrialde Katalanen errealitate eta beharrei erantzuten dion ikasle greba baliatu nahi izan duelako marko katalana difuminatu eta Espainiar Estatura trasladatzeko, inolako aurrelanketa legitimorik egin gabe eta errealitate nazionalak errespetatzen ez dituen planteamendu bat eginez.

Visca la Terra!

Gora borroka internazionalista!

Ikasle Abertzaleak!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa