Ohar honen bidez Euskal Herriko ikastetxetako, lanbide heziketetako eta unibertsitatetako ikasleriari martxoaren 17an kalera ateratzera deia egin nahi diogu. Guztioi eragiten digun egoeraren aurrean altxatzera, ezkutuan aurrera doazen erasoei aurre egitera, aldaketa sakonei bide ematera eta zapalduon askapenaren mesedera dagoen hezkuntza eraikitzera!

Espainiar estatuko hauteskundeen zurrunbilo mediatikoaz baliatuta, Uriarte eta bere gobernua Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan LOMCE ezkutuan aplikatzen ari dira, Heziberri 2020 izeneko legearen bidez. Komunikabideei errebalidak egingo ez direla esan zien Uriartek duela hainbat aste, familien, irakasleen eta ikasleon kezka eta kontrakotasunak baretzen saiatzeko asmoz. Titular handiek ordea ezin dute gezurraren tamaina ezkutatu: ezin duzu horrelako baieztapenik egin, aste batzuk lehenago eta hezkuntza komunitatearekin kontatu gabe, errebaliden aplikazioa barnebiltzen duen “Heziberri dekretua” inposatu duzunean. Aplikazioa ezkutatu nahi duten arren, Heziberri dekretua EAEn onartua, gure ikastetxeetan LOMCE progresiboki aplikatzen ari dira. Gure testu-liburuetan aldaketak egin dira, erlijioa blindatu egin da eta ebaluazioei dagokienez aurten errebalidak LHko 3. eta 6. mailan egiten saiatuko dira. Hurrengo urtean, DBHko 4. mailan eta Batxilergoko 2. mailan egin nahi dizkigute, ondoren horren arabera ikasleok sailkatuz. Erasoaldi honen aurrean, kalera atera behar gara Heziberri dekretua atzera botatzea exijitzeko. Ezin dute ikasle mugimenduaren, langile eta irakasle sindikatuen, guraso eta familien elkarteen eta abarren babesik ez duen lege horrekin aurrera jarraitu.

Nafarroa Garaian ere LOMCE indarrean da. Erregimena gobernu autonomikotik kanporatu arren, ez dira eman beharreko pauso minimoak ere eman. Mendozak zuzendutako hezkuntza sailak besteak beste ez du oraindik euskaraz ikasteko eskubidea bermatu. Gainera, irakasle izateko oposaketetan hizkuntzaren araberako bi zerrenda berezituak mantenduko dira. Ez hori bakarrik, ez da Lanbide Heziketetarako euskararen zabalpena edota lehen hezkuntzarako euskarazko matrikulazioa sustatu. Gaur egun oraindik ez da bermatzen Nafarroako Unibertsitatean euskaraz ikasteko aukera! Gainera, UPNk sortutako eta ikasle mugimenduak sendoki gaitzetsitako “Ikasleen Eskubide eta Betebeharren Dekretua” zein Euskal Herriaren aitortza egiten duten liburuen “zerrenda beltza” ukitu ere ez dituela egingo adierazi du. Horrela, Diario de Navarra, UPN, PSN, CCOO, UGT eta bestelako erregimenaren babesleen presioei men egin die, “aldaketa” hitzaren esanahia zalantzan jarriz. Nafarroa Garaian ere ikastetxeetako ikasleok masiboki atera behar gara kalera, hitzak ekintza bihur daitezen. Kalera atera behar gara euskaraz ikasteko eskubidea osorik bermatu eta honen hedapena gelditzeko eraikitako harresiak botatzeko. Ikasleok batu behar gara ikasleokiko eta gure herriarekiko ukazio zein jazarpenari amaiera eman eta zapalduon askapenerako behar dugun hezkuntza eredua eraikitzeko.

Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheran ere, oraindik soilik Baionako Bernat Etxepare Lizeoan ikas ditzakegu unibertsitate aurreko azken hiru urteak D ereduan. Gainera baxoaren zati handiena (selektibitatearen parekoa) frantsesez egitera derrigortuak gaudenez, edukietako asko eta asko frantsesez jaso egiten ditugu. Hori gutxi balitz, Seaskaren hedapena geldiarazten saiatzen ari dira, euskaraz matrikulatzea nahi duten herritarrak gero eta gehiago diren arren. Unibertsitatean euskaraz ikasteko UPVra joatera behartzen gaituzte, bidean hamaika traba jarriz. Frantses estatuak okupatutako lurretan ere ikasleok garrantzia izugarria dugu, gure herriaren desagerpena eragiteko saiakerei buelta eman eta langile zein laborarion mesedera, gure hizkuntza zein kulturaren hedapenaren alde egingo duen hezkuntza eredua eraikitzeko. Horregatik gure ikasketa prozesu osoa euskaraz egin ahal izateko atera behar gara kalera, gure herrien errealitatearekin eta hauen arazoen konponketarekin lotura zuzena duen hezkuntza eredua eraikitzeko.

Lanbide Heziketetan, bitartean, prekarietatea gero eta sakonagoa da. Gure praktikak lanpostuak kubritzeko erabiltzen dituzte enpresa askotan, ez formazio integral bat eskaintzeko. Bestetik, praktikaldietan ere bidaiak zein bazkariak geure kabuz ordaindu behar izaten ditugu lanpostuaren egoeraren ondoriozkoak diren arren. Ez hori bakarrik, langile batek egiten duen lan bera egiten badugu ere ez dugu segurtasun sozialean kotizatzen, eta ondoren lortzen ditugun lanak epe laburrerakoak izaten dira. Gainera, lanbide heziketa gehienetan, gaztelaniaz ikastera derrigortuak gaude, inolako eskubiderik bermatu gabe, formakuntza etapa prekario honen bidez, gazte eta langile bezala prekarioki lan egiteko prestatuak izanez. Lanbide heziketetako ikasleok ere esplotazioaren aurka atera behar gara kalera, hori gaindituko duen jendarte ereduaren alde, eta errealitate horren bidean paper aktiboa izango duen Lanbide Heziketa eredu baten alde: euskalduna eta herriaren mesedera dagoena.

#M17altxa deialdiakUnibertsitateetan ere, Europar Batasunetik etortzen ari dira unibertsitateak okerrera eramaten dituzten neurri gehienak (EU2015, 3+2…). Hauek, epe ezberdinetan aplikatzen ari dira, unibertsitate nagusienek besteei egindako presioaren bitartez. Elkarren arteko lehian murgilduta, unibertsitatearen eta merkatuaren arteko loturak indartzera, ingelesa sakonki txertatzera, unibertsitateak internazionalizatzera eta ikerketan nano-teknologia, bio-teknologia, energia iturriak, IKT-ak… bezalako arloetara erabat inklinatzera eramaten dituzte Euskal Herriko unibertsitateak. Modu sutilean baina sendo, nazioarteko merkatu globalizatuaren beharrei gero eta gehiago erantzuteak euskara mapatik kentzea eragiten du, gure herriaren errealitatea eta beharrak alboratzea, prezioak handitu edo plazak murriztuz unibertsitaterako sarbidea mugatzea, edota ikasle asko dauden mailak edukiz hustutzea. Arazo handi honi aurre egiteko, Forum To Fight-en bildu ginen Europako 26 ikasle antolakundeok ondorioztatu genuen bezala, europar ikasle mugimendu anti-kapitalista baten sorrerari bide eman behar diogu, neurriak definitiboki gelditzeko beharrezkoa den indarra metatzeko. Unibertsitateetan kalera atera behar gara, neurri guzti hauek gaitzetsi, ikusarazi eta herriaren mesedera egongo den unibertsitatearen beharra aldarrikatzeko.

Baina era berean, bai unibertsitatean baita ikastetxeetan ere, egun normalizatua dagoen hezkuntza ereduari tokia hartzen joan behar gara. Izan ere, merkatuari begirako edo gure arazo errealekin loturarik ez duten edukien ordez herri jakintzak, herriaren arazoak eta beharrak unibertsitatera eta ikastetxeetara ekarri behar ditugu. Erregeen eta jauntxoen historia kontatzen diguten tokira, emakumeak, klase zanpatuak eta nazio ukatuak ekarri behar ditugu; biologia, kimika, matematika edo ekonomia gure arazo errealetatik urrun irakatsi nahi digutenean, etxe-kaleratzeak, frackinga eta gure ibai kutsatuak ekarri behar ditugu. Indibidualismoa, lehiakortasuna, akritikotasuna, errepikapena… eragiten duten pedagogia eredu eta ebaluazio sistemen aurrean, kolektibizazioan, elkarlanean, errealitatearekiko kontraste dialektikoan eta ikaskuntza jarraian oinarritutako ereduak ikusarazi eta zabaldu behar ditugu. Unibertsitate eta ikastetxeetako ikasleok kalera atera behar gara Herri Unibertsitateak eta Herri Eskolak aldarrikatu eta hauek aurrera eramateko.

Amaitzeko, argi utzi nahiko genuke kontziente garela gure ikastetxe, lanbide heziketa eta fakultateetan proiektu eta borroka hauek aurrera ateratzen ditugunean egungo hezkuntza sisteman zirrikitu oso garrantzitsuak irekitzen ari bagara ere, erroko aldaketa oraindik sakonago bat beharrezkoa dela.

Hori dela eta martxoaren 17-an, estatuek ezarritako mugen gainetik, Euskal Herriak Hezkuntza Sistema Propio bat behar duela aldarrikatzeko atera behar gara kalera: herritik eta herriaren mesedera dagoena, euskalduna, herritarra, askatzailea eta feminista izango dena. Argi dugu ez dagoela horrelako proiektu bat bi estatuon zein Europar Batasunaren legalitatearen barnean eraikitzeko inolako aukerarik. Horregatik, martxoaren 17ko mobilizazio egun masibo honetan ikasleok kalera atera behar gara Euskal Herriko eragile eta hezkuntza komunitate osoari argi eta garbi exijitzeko: abiatu dezagun behingoz Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko prozesu eratzailea. Ados jarri zaitezte behingoz eta batu gaitezen denok; hezigune, herri eta auzoetatik abiatuta, prozesu eratzaile herritar bat martxan jartzeko, guk behar dugun Hezkuntza Sistema errealki eraikitzeko. Ez dezagun gehiago itxaron!

Ikasle guztiok baturik, ezarri nahi diguten etorkizun ilunarekin apurtzeko gai izango gara. Erreforma inposatuak gelditzeko, normalizatutako hezkuntza ereduen gainetik eredu askatzaileak gure kabuz eraikitzeko, hezkuntza komunitate osoa berriz batu eta behar dugun hezkuntza sistema eraikitzeko! Altxa gaitezen lehen lerrora, eta izan gaitezen eredu, behar dugun etorkizuna gure esku dagoelako!

Apurtu dezagun inposaturiko hezkuntza sistema! Eraiki dezagun Euskal Eskola Nazionala!

Gora ikasle mugimendua!

2016ko martxoaren 7an

Ikasle Abertzaleak

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa