Iruñerriko IAren oharra:

Martxoaren 17an Euskal Herri osoan, hezkuntza merkantilizatzea helburu duten erreformen kontra (LOMCE, Heziberri2020 eta EU2015) burutuko dugun ikasle grebarako aste bete eskas besterik falta ez den honetan, ikasle mugimenduaren mobilizazioetan parte hartze aktiboa izan duten hiru kideren kontrako epaiketa judizial larri baten aurrean aurkitzen gara.

IMG-20160310-WA0010

Duela bi urte, 2014ko martxoaren 27an, Ikasle Abertzaleakek herrialdeko beste eragile batzuekin batera ikasle grebarako deialdia luzatu zuen. Egunean zehar egondako istiluetan parte hartu izana egozten dieten hainbat gazte epaituak izatearen zain daude, 4 eta 6 urteko espetxe zigorra gainean dutela. Bihar, gazte horietako hiru epaituak izango dira, osotara 12 urteko zigor eskaera batuz.

Hurrengo asteko ostegunean berriro ere, Ikasle Abertzaleok deituriko ikasle greba baten aurrean topatzen gara. Ikasle mugimenduarekiko ematen ari diren errepresio estrategia oro salatu nahi ditugu, epaiketa hauek ez baitaukate inolako zilegitasunik. Epaiketek, agerian uzten dute errepresioa izan dela, eta oraindik badela instituzioek daukaten tresna bakarra edozein mugimendu kikiltzeko. Gainera, ezin dugu ahaztu ez dela Nafarroa Garaian emandako kasu isolatua, Euskal Herriko txoko ezberdinetan gaur egun ikasleon aurkako errepresioa eta jazarpena ikaragarria baita. Halaber, ikasle mugimenduaren aurkako epaiketa gehiago izango dira hurrengo hilabeteetan, hala nola Gasteizen eta Bilbon.

Azken urteetan ikasle mugimenduak egindako mobilizazio eta borrokak eta haiekin erakutsitako indarra kriminalizatu nahi izan dute. Hala ere, argi utzi nahi dugu, epaiketa hauekin ez gaituztela geldiaraziko, martxoak 17ko grebara inoiz baino indartsuago aterako baikara, egungo ereduarekin apurtzeko eta sinisten dugun hezkuntza eredua eraikitzen hasteko.

Beraz salbuespen egoera honi aurre egiteko modurik onena, hona ekarri gaituen bidean sakontzea dela deritzogu. Horrela, egungo hezkuntza ereduak inposatu nahi dizkigun neurriei erantzunez eta ahal dugun heinean eredu honekin modu zuzenean talka egingo duten alternatibak eta kontra botereak eraikiz.

Bukatzeko, irakurketa honen bitartez adierazi nahi dugu, ikasle borroka ez dela amaitu. Isilarazi nahi gaituzten guztiei inoiz baino ozenago oihukatuko diegu hemen gaudela eta sinisten dugun hezkuntza horren alde borrokatzen jarraituko dugula!

EPAIKETA POLITIKORIK EZ!
GREBALARIAK ASKE!
GORA IKASLE BORROKA!

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa