Ikasle Abertzaleok ohar honen bidez jakinarazi nahi dugu ez dugula bat egiten Sindicato de Estudiantesek apirilaren 13 eta 14erako deituriko grebarekin. Gure posizionamendua lau arrazoi nagusitan oinarritzen da:

  1. Euskal hezkuntza eredu propio baten alde eta Espainiar zein Frantziar estatuen inposaketen kontra, Ikasle Abertzaleok, ikasle mugimenduarekin batera, mobilizazio egun nazionala antolatu genuen martxoaren 17an Euskal Herriko bost hiriburu nagusietan. Hori dela eta, uste dugu Sindicato de Estudiantesen deialdi berri honek ez diola ekarpenik egiten euskal ikasleriari Euskal Herriko tokian tokiko errealitateak ez dituelako kontuan hartzen, eta SE-k ez duelako proiektu alternatiborik eskaintzen egungo eredutik at. Bi greba deialdi hain denbora tarte motzean egiteak eraginkortasuna kentzen dio grebei tresna gisa. Gainera, kontuan hartu behar dugu deialdi hau neurri erreformistetara mugatzen dela, hezkuntza sistema berri bat sortzeko beharra azaleratu beharrean.

  1. Bestalde, Espainiako gobernuak harturiko azken erabakiak direla eta, une honetan erkidegoetako hezkuntza sailburuen esku geratzen da hezkuntza erreformen inplatazioa. Hori dela eta, uste dugu interpelazio ariketa askoz ere maila lokalagoan egin beharra dagoela; hau da, erkidegoetako hezkuntza sailburuei LOMCE-ren kasuan eta Unibertsitateetako errektore taldeari 3+2arekin. Ondorioz, erreformen ez aplikaziorako estrategien diseinua eta garapena tokian tokiko errealitatera egokitu behar zaio.

  1. IAk ez du bat egiten Sindicato de Estudiantesen eredu burokratizatu eta zentralistarekin. Edukirik gabeko deialdi hutsen bidez eta hedabide erreakzionarioenen laguntzaz beraien biziraupena bermatzeko helburua besterik ez dute erakusten. Madril ardatz duen jardun zentralista eta unilateral honekin, ez dituzte ikasle mugimenduaren borrokak eta norabidea kontuan hartzen haien jardunaren eta erritmoen gainetik igarotzen diren erabakiak hartuz

  1. Espainiar estatu mailako gure erreferentzia eta aliatu estrategikoak Educación del Pueblo y #ParaLosPueblos plataformaren baitan gurekin batera antolatzen diren antolakundeak dira. Modu honetan, Espainiar estatu mailako deialdi bat eginez gero, nazio zapalduetako gainontzeko ikasle antolakundeekin batera eginen dugu; bakoitzaren erritmoak, errealitateak eta beharrak errespetatuz.

Beraz, aipatu arrazoiengatik Ikasle Abertzaleok ez dugu bat egingo Euskal Herrian Apirilaren 13-14 bitarteko greba deialdiarekin. Aitzitik, gure babes osoa adierazi nahi diegu Galizian Erguer antolakundeak eta Andaluziako SATeko gazteriak apirilaren 13 eta 14ean, hurrenez-hurren, euren errealitatearen beharrei erantzunez antolatu dituzten mobilizazioei.

Euskal hezkuntza eredu herrikoi, hezkidetzaile, gorri eta euskaldunaren alde!

Info+: #ParaLosPueblos plataformaren oharra greba deialdiaren harira

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa