1948ko maiatzaren 15ean David Ben Guironek Israelgo estatuaren sorrera aldarrikatu zuen. Geroztik estatu sionistaren erasoak amaigabeak izan dira Palestinar herriaren aurka: okupazio ilegalak, genozidio masiboak, kartzelaratzeak, apartheida, palestinarren etxeen suntsipena, kaleratzeak, mehatxuak, arrazismoa eta nola ez, manipulazioa. Gure kide palestinarrentzat egun hori Al Nakba eguna da, hau da, hondamenaren hasieraren eguna.

Estatu Israeldarrak, estatu kapitalista eta inperialista gisa, bere gainegitura osoa martxan jarri zuen egitura ekonomikoa mantentzeko, eta gaur egun bere horretan darrai. Alde batetik, palestinarren aurkako eraso errepresibo eta bortitzak zuzentzen ditu, bertako langile klase borrokalaria desagerrarazten saiatuz erailketen bidez, eta palestinarren odolaz ureztatutako lurretan sionismoaren konplize diren enpresa eta negozioak irekiz. Bestetik, inposatzen ari diren egitura ekonomiko eta politikoa mantentzeko, estatu kapitalisten biziraupenerako ezinbestekoa den makinaria desideologisatzailea dago martxan: Estatu sionistaren eta bere enpresen mesedetara dagoen hezkuntza sistema, balore arrazistetan oinarrituriko sistema juridikoa, sistema ustelaren goraipamena egiten duen eta klase zapaltzaileen bozeramaile diren komunikabideak…

Eta guzti hau zertarako? Aspaldidanik ikusten ari gara munduko herri desberdinak kapitalaren menpe mantentzeko interesa eta garrantzia zenbatekoa den estatu inperialisten eta hauek babesten dituzten egitura ekonomikoen biziraupenerako. Ikusi izan dugu zelako bonbardaketa komunikatiboa egon den Sobietar Batasunaren aurka, bizi ditugu Kubako iraultzaren aurkako oinarririk gabeko kritika zentzugabeak, sufritu dugu Kolonbiako gatazkaren inguruko eta Ekialde Hurbileko gatazkaren inguruko desinformazio onartezina, egunero jasotzen ditugu Venezuelako gobernu aurrerakoiaren aurkako albisteak…

Estatu inperialistek munduko herriak isilik eta zapalduak nahi dituzte. Estatu inperialistek munduko herriak kapitalaren mesedetara nahi dituzte. Estatu inperialistek langile indibidualista, akritiko, sumiso eta uniformizatuak behar dituzte. Baina munduko herriok aspaldidanik argi utzi dugu ez dugula etsiko. Honen adibide dira, aurretik aipatutakoez gain, Argeliako borroka antiinperialista, Palestinarren nazio askapenerako borroka, Herri Kurduaren altxamendua, eta nola ez, Euskal Nazio Askapenerako Mugimendua.

Ikasle Abertzaleok, herri askez osatutako mundu libre batekin amesten dugu. Baina argi daukagu mundu hori ez digula inork oparituko, mundu libre hori egunez egun eta herriz herri eraikitzen dela baitakigu. Horretarako, sistema kapitalistaren egitura ekonomikoa erasotu eta etorkizuneko egitura ekonomiko sozialista eraikitzearekin batera, herri bakoitzak daukan kapitalaren gainegitura patriarkarra, arrazista eta inperialista (hezkuntza, sistema juridikoa etab.) apurtu eta askatasunerantz bidaiatzeko baldintza subjetiboak sortuko dituen gainegitura herrikoia eraikiz (Heszkuntza Sistema Propioa, sistema juridiko sozialista…). Horregatik, nazio askapenerako borrokan diharduen palestinar herriari gure elkartasun osoa adierazteaz gain, Israelgo Estatuaren egitura ekonomikoa desegonkortzeko Boikot ekonomikoaren aldeko kanpainia bat jarriko dugu martxan datorren ikasturtean, eta honekin batera, estatu sionistaren gainegitura kolokan jartzeko, BDS kanpainia internazionalera atxikituz boikot akademikoa Euskal Herriko heziguneetan aurrera ateratzeko kanpainia internazionalista diseinatuko dugu datozen ikasturteetarako, hezkuntza komunitate osoa barnebiltzen saiatuko duena.

Guzti honengatik, euskal herriko ikasleria …

1.    heziguneetan, auzoetan edota lantegietan antolatzen diren ekimen, tailer eta jardunaldietan parte hartzera deitzen dugu.

2.    datozen urteetan aurrera aterako ditugun Palestinaren aldeko plangintza internazionalistetan parte hartzera dei egiten dugu.

3.    ikasle asanblada internazionalistak sortzera deitzen dugu.

Gora Palestina askatuta!

Gora Ikasleon Borroka! Gora Euskal Herria internazionalista!

Ikasle Abertzaleak,

2016ko Maiatzaren 15a

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa