Ekainak 28-Amatxok lagundu du Itsaso klaseraino; lehenengo eguna du haur-eskolan. Bere klasekide batzuk amantal urdinez jantzirik ikusi ditu. “Ama, nik ere holako bat daukat?” “Ez bihotz! Zuretzat arrosa, polit-polita egon zaitezen!”.

-Plastika klasea daukate gaur ikastolan. Amaren eguna laster denez, marrazki bana egiten ari dira nork bere amari oparitzeko. Iñakik ordu erdi darama zer marraztu jakin ezinik. “Bi aita eta amarik ez izatea hain arraroa al da ba?”.

-Amaiak askotan entzun ditu bere klaseko mutilak masturbazioaz hizketan; nesken artean, aldiz, ez dute sekula gai hori ukitu. Bera duela gutxi masturbatu zen eta izugarri gustatu zitzaion. “Lagunei kontatuko diet? Buff… hobe ez, ez… ez dakit zer pentsatuko duten nitaz”.

-Gorputz hezkuntzako klasean bikoteka jarri dira dantza bat ikasteko. “Neskak eta mutilak nahastuta!” esan die irakasleak. Zurrumurruak zabaldu dira klasean, eta neska eta mutil bat elkarrekin jartzen ziren aldiro txistuak entzun dira: fiu fiu!! Mutil baino neska gehiago direnez, Leire eta Naroa elkarrekin jarri dira. Leire gorritu egin da; aspalditik gustoko du Naroa, inori ezer esan ez arren. Eskerrak haiei ez dien inork txistu egin.

Beste behin heldu da ekainaren 28a; Stonewalleko matxinadaren 47.urteurrena dugu aurtengoa. Egun hartan aireratutako sexu askapenaren aldeko oihu eta aldarriek bizirik jarraitzen dute oraindik gure herriko txokoetan, sistema heteropatriarkalak indarrean jarraitzen duen heinean.

Argi daukagu sistema honek hainbeste urte eta matxinaden ostean bizirik jarraitzeko daukan tresna nagusienetako bat hezkuntza dela, hezkuntza baita edozein gizarteren erreprodukzio eta biziraupenerako  bermea. Argi daukagu beraz, jendarte eredu hau irauli ahal izateko hezkuntzatik borrokatzea ezinbestekoa dela.

Egungo hezkuntza sistemak ez gaitu ikasleok pertsona aske bezala hezten; txikitatik inposatzen digute maitatzeko modu bat, nor eta nola laztandu behar dugun esaten digute, eta familia “normal” bat nolakoa den barneratzen dugu, geure burua, modu konsziente edota inkonsziente batean, sistema patriarkalak sortutako kategoria hertsietan kokatzeraino. Esan beharrik ez dago, LOMCE eta EU2015 bezalako erreformek egoera okertu baino ez dutela eginen, sistemaren balore eskuindar eta retrogaden  islada nabarmenak izanik.

Geroz eta nabariagoa da guzti honi buelta emateko beharra; geroz eta itogarriagoa baita ikasleongan sistema heteropatriarkalak eragiten duen zapalkuntza. Geroz eta indartsuagoa da, baita ere, gure nahi eta beharrak asetuko dituen Hezkuntza Sistema Propioa eraikitzeko gogoa, zeinean egungo harremantzeko ereduari muzin egiten diogun guztiok kabida izanen dugun.

Ikasgeletan, ohean, kalean;  heteroaraua gure bizitzen esparru guztietan sartu da, eta esparru guzti horietatik egin behar diogu aurre. Izan gaitezen ikasle eta desobedienteak; laztan, arkatz, ekintza eta miazkada bakoitza Euskal Herria askeago bat sortzeko tresna bihurtu dezagun, egungo sistema iraultzeko aurrerapausu. Apurtu dezagun inposatu diguten sexualitate hegemonikoa eta eraiki dezagun Euskal Eskola Nazional Feminista!

Etiketak: Info

Iruzkin bat utzi


  • Artxiboa